Lesakako IV. Mendi lasterketa martxoaren 12an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 9a, 08:00

Joxe Amunarriz hondarribiarrak du probako denborarik onena (1.11.15), lehenbiziko edizioa irabazi zuenean lortutakoa.

14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen ohiko ibilbidea prestatu du aurten ere Beti Gaztek igande goizerako, Frainera eta Unanura igoz

Beti Gazte elkarteko Beti Gazte Laxterka taldeak antolatutako Lesakako Mendi Lasterketaren laugarren edizioa martxoaren 12an eginen dute. Igandean 10:00etan abiatuko da 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen lasterketa nagusia plazatik eta Frain (455 metro) eta Unanue (650 metro) igo beharko dituzte berriz ere plazan helmugaratu baino lehen. Nafarroako Mendi Federazioko rankingerako proba puntuagarria izanen da.

Martxoaren 8ra arte irekia zegoen izena emateko epea eta izena eman dutenek dortsalak llarunbatean hartzeko modua izanen dute, 16:30etik 19:30era eta probaren egunean 08:00etatik 09:30era, Lesakako udaletxeko arkupetan. Sei hornidura-gune izanen dira ibilbidean, helmugakoa barne.

Joan den urteko hirugarren edizioan 156 kirolarik parte hartu zuten eta kopuru hori gainditzea espero du aurten Beti Gaztek. Errekorrei dagokienez, Hondarribiko Joxe Amunarrizek egin zuen gizonezkoena 2019ko lehen edizioan (1.11.15) eta Zarauzko Nerea Amilibiak iazko hirugarren edizioan emakumeena (1.35.27).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun