Bertako 80 haritz landatu dituzte Ricardo Baroja eskolako ikasleek Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 8a, 15:00

Berako Ricardo Baroja eskola publikoak, Berako Udalak eta Rural Kutxak elkarlanean mendiaren inguruko jardunaldiak egin dituzte. Berako Udalak urtero egiten ditu zuhaitz landaketak, eta aurten Rural Kutxaren dirulaguntzarekin, eskolako ikasleek 80 haritz landatu dituzte. 

Otsailaren 28an, Mikel Baztan hurbildu zen eskolara eta mendiaren inguruko hitzaldia eman zien LHko 5. eta 6. mailako ikasleei. Mikel Baztan jasangarritasun teknikaria eta gune berdeen disainatzailea da. Ingurumenaren ikuspegitik, jardueraren atal pedagogikoarekin zuzendaria ere izan da. 

Bi saio egin zituzten Baztanekin. Lehenengo saioan, zuhaitz motei eta mendiari buruz aritu ziren, beren ezaugarri eta funtzioak azalduz. Kutxa sorpresa baten bidez, ikasleek mendiko hainbat ezaugarri ezagutu zituzten. Bigarren saioan, aldiz, zuhaitzen landaketek gizartean kolektiboki zein norbanakoentzat duten garrantziaz aritu ziren. 

Biharamunean, martxoaren 1ean zuhaitz landaketa egin zuten Arregi parajean. Bertako 80 haritz landatu zituzten LH 5. eta 6. mailako ikasleek. Ikasleak, irakasleak eta hainbat guraso oinez joan ziren landaketa tokiraino beraien aitzur eta guzti. Lan ederra egin zuten zuhaitz guztiak landatzen, eta bukatu ondotik indarrak berreskuratzeko gosari ederra egin zuten.  Mendi landaketan udaleko basozaina, eta udaleko nahiz Rural Kutxako ordezkariek ere parte hartu zuten. 

Berako ikasleek, hirietako ikasleekin alderatuz zuhaitzen eta naturaren ezagupen maila handiago dutela nabarmendu dute ekimenaren antolatzaileek, eta ikasleek jarduera guztian zehar jarrera eta motibazio ezin hobea izan zutela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun