Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak 85.421 euroko dirulaguntza jaso du

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 8a, 19:00

Udazkenean bilketarako kamioi berria lortzea aurreikusi dute.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eman du dirulaguntza eta bi proiektutan banatuko da

Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak 85.421,88 euroko dirulaguntza hartu du Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eskutik. Europar Batasunaren Next Generation funtsen eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) bidez onartu ziren hondakinen araudia ezartzen laguntzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak.

Bi proiektu gauzatzeko eskatu zuten dirulaguntza: materia organikoaren gaikako bilketa hobetzeko eta bilketa-instalazioak hobetzeko.

Materia Organikoaren gaikako bilketaren hobekuntza

Proiektu honek 47.830,95 euroko dirulaguntza izanen du. Honekin, joan den urtean eskuratu ziren 100 etxeko konpostagailuak ordaindu eta aurtengo udazkenean jasotzea espero den bilketarako kamioi berria erosiko dute.

Hobekuntzak bilketa-instalazioetan

Proiektu honetarako emandako dirulaguntza 37.590,93 eurokoa da. Honen barnean, 30m3-ko bortz edukiontzi erosi zituzten Alkaiagako garbigunerako, bilketa berrietarako kartelak diseinatu eta inprimatu zituzten, eta EcoSat Punto Limpio aplikazioa paratu zuten garbigunean, hondakinen sarrera eta irteeraren kontrol eta jarraipena egiteko. Gainera, hiru garbigune ttiki erosi zituzten Arantza, Etxalar eta Igantzirentzat.

Jarduera hauen helburua Bortzirietan sortutako etxeko hondakinen kudeaketa hobetzea da, errefusa edukiontzietan nahastuta botatzen diren hondakinen kopurua murriztuz eta gaikako bilketa haundituz. Gainera, hondakinak behar bezala bereiztea «hagitz garrantzitsua» dela oroitarazi dute, gero behar bezala birziklatu ahal izateko. Horregatik, materia organikoaren gaikako bilketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, edukiontzi marroien eta etxeko konpostajearen bitartez.

Bertzalde, garbigunearekin eta Arantzan, Etxalarren eta Igantzin paratutako garbigune ttikiekin, gaikako bilketaren ehunekoak hobetzea espero dute, eta Alkaiagako garbigunearen ordutegia luzatu dela gogorarazi dute. Hau da ordutegi berria:

  • Astelehen eta ortzegunetan 12:00etatik 19:00etara
  • Astearte, asteazken eta ortziraletan 12:00etatik 15:00etara
  • Hileko azken larunbatean 09:00etatik 13:00etara

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun