Gernikako Arboleko kimuaren landaketaren urtebetetzea ospatu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 4a, 13:00

Duela urtebete, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuten Berako Legarbidea auzoan. Pasa den larunbatean, otsailaren 25ean, landaketaren urtebetetzea ospatu zuten. Bertan parte hartu zuten Gernikako bonbardaketa biziraun zuen Francisco Garciak eta arbolaren kimua sortzeko ezkurra eman zuen Marie Denise Marckertek. Berako udaleko ordezkari bezala Aitor Elexpuru alkatea ere bertan izan zen

Joan den urtean, Marie Denise Marckerten bitartez, Gernikako Arbolaren ezkurra bat ailegatu zen Berara. Ainhoako Dantxaria auzoan bizi da Marckert, eta frantseseko klaseak ematen ditu Beran. Bere aitonak bere etxaldean landatu zuen Gernikako Arbolaren ezkur batetik sortutako kimua da Beran dagoena.

Joan den larunbatean landaketaren urtebetetzea ospatu zuten Legarbidea auzoan. Ekitaldian, Marckertek bere aitonaren istorioa eta Gernikako Arbolarekin zuen lotura azaldu zituen. Gainera, Francisco Garcia San Romanek ere parte hartu zuen. Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen Garcia eta gaur egun Berako San Jose zahar egoitzan bizi da.

1930ean jaioa, bonbardaketa egunean eskolara joan zen goizean eta etxera bueltatu zen eguerdian bazkaltzera. Alarma aditzerakoan bere aitak Astra arma fabrikako babeslekura eraman zuen familia. Ez zuten aita gehiago ikusi. Babeslekutik atera zirenean beraien etxea desagertua zegoen, eta herri guztia sutan. Itsasontziz Frantziara ihesean zihoazela, frankistek harrapatu eta berriz aberriratua izan zen.

Marckerten eta Garciaren testigantzak aditu ondotik, zuhaitzean zinta txuri, gorri eta berdeak jarri zituzten auzoko bizilagunek. Jose Mari Iparragirrek sortutako Gernikako Arbolaren bertsoak kantatu zituzten, eta gosari batekin bukatu zuten ekitaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun