Sortu berri den Hirugarren Sektoreko Mahaiarekin batera, sektore honi buruzko ikerketa bat egiten ari da Lesakako udala. Helburua hau dinamizatzea eta, horrela, epe labur, ertain eta luzerako, etorkizuneko Lesaka bizi baten alde lan egitea da. Horretarako, diagnostiko fasearen barnean, udalerriko merkatarien iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte dagoeneko.
Horretarako, inkesta bat prestatu dute, online edo paperean egiteko eskuragarri egonen dena (martxoaren 19a arte). Online egin nahi dutenek, herriko tabloi eta establezimenduetan dauden kartelen QR kodea eskaneatu beharko dute, edo bertzela, klik egin udalaren webgunean eta sare sozialetan eskuragarri dagoen estekan. Parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin, inkesta WhatsApp bezalako komunikazio-kanalen bidez zabaltzea eskatu dute.
Inkesta paperean egin nahi dutenek, Lesakako komertzio eta zerbitzu hauetan bete dezakete: Eroski, Bittiria Harategia, Intzuri Optika, Amura Ile-apaindegia, Izarra Okindegia, Kifrut, Ordoki Altzariak, Maite Arraindegia, Telletxea Estankoa, Txinelka Zapata-denda, Kattagorria, Arrano, Ibaiondo Janari-denda, Iturbena Kafetegia, Maite Igarzabal Ile-apaindegia, Iñaki Janari-denda, Pittin Haurrentzako Arropa-denda, Oreka Nutrizioa, Zialdo, Xagu, kiroldegia eta udaletxea.
Erantzunak anonimoak izanen dira, eta bildu ondotik, aitzinerago eginen den bilera ireki batean aztertu eta eztabaidatuko dituzte. Datu horietan oinarrituta, Hirugarren Sektoreko Mahaiarekin koordinatuta, udalerriko komertzioak eta zerbitzuak dinamizatzeko eta bizirik mantentzeko erabakiak hartuko dira. Lesakako Udalak inkesta betetzera eta ikerketa honetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.