Aurkezpena 11:00etan eginen dute Berako Herriko Etxeko plazan. Eguraldiak lagunduko ez balu, aldiz, Kultur Etxera lekualdatuko dute aurkezpena. Ekitaldian Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioaren nondik norakoak azaldu eta hautatuak izan diren sortzaile eta udalerriak zeintzuk diren jakinaraziko dute. Horrez gain, sormen erakustaldi batzuekin gozatzeko aukera ere izanen da.
Geuretik Sortuak proiektuak euskaraz egindako sormena bultzatzea eta berau Euskal Herri osoko txokoetara eramatea du helburu. Ziklo bakoitza bi urtez luzatzen da: lehenengoan (2023) sormen egonaldiak eginen dira, eta bigarrenean (2024) sortutako obrekin kultur zirkuitua osatuko da.
Egitasmoaren lehen edizioan Beran, Lesakan eta Leitzan egin zituzten egonaldiak bi sortzailek.