Bortzirietako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 28a, 16:00

Larunbatean plana diseinatzeko bilera egin zuen Berdintasun Zerbitzuak herritarrekin Igantzin

Joan den urtean berdintasunaren aldeko pauso handiak eman ziren Bortzirietan; berdintasun teknikari bat kontratatu zen jardunaldi osoan eta emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa egin zen, udaletako webguneetan eskuragarri dagoena. Aurten, urrats bat gehiago eman eta erronka berria proposatu du Berdintasun Zerbitzuak: Bortzirietako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana.

Plana diseinatzeko bi saio antolatu dituzte herritarrekin batera. Lehenbizikoa joan den larunbat goizean Igantziko udaletxean izan zen, eta eskualdeko emakumeak gonbidatu zituzten bertara. Hiru orduko elkarrizketaren bidez, berdintasun planaren lehenbiziko zirriborroa osatzeko informazioa jaso zuten. Bigarren bilera apirilaren 1ean eginen dute, planaren azken zirriborroa herritarrekin kontrastatzeko helburuarekin.

Bi hitzordu hauetan elkarlanean aritu dira Berako, Lesakako, Etxalarko, Igantziko eta Arantzako udal teknikari eta ordezkari politikoak. Gainera, prozesua garatzeko Elhuyarren aholkularitzaren laguntza izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun