Beti Gazteko emakumeak Euskal Herriko txapeldun eta gizonezkoak txapeldunorde izan dira pisu arinetan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 27a, 13:00

Beti Gazteko emakumeak 500 kiloko txapelarekin eta gizonezkoak 600 kilotan txapeldunorde, larunbatean Laukizen. Argazkia: Potronko

Lesakako emakumeek Euskal Herria ordezkatuko dute munduko txapelketan 500 kiloko kategorian ere

Euskal Herriko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketako azken aurreko bi txapelak banatu zituzten larunbatean Laukizen (Bizkaia): Emakumezkoen 500 kiloko finala jokatu zuten eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa saio bakarrean. Emakumezkoetan Beti Gazte izan zen txapeldun, baina gizonezkoetan, etxeko taldea, Gaztedi, ongi nagusitu zitzaion Beti Gazteri.

Emakumezkoen 500 kiloko finalean tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko zortzikoteak. Irantzu Goienetxe, Karmele Pikabea, Udane Arbelaitz, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Maddalen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Ander Mitxelena entrenatzaile zutela. Honela, Munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea irabazi zuten Beti Gazteko emakumeek pisu arinean ere. Beti Gazteren ondotik, Ibarra, Gaztedi, Badaiotz, Amaiur eta Abadiño sailkatu ziren.

Beti Gazteko emakumeek tiraldi guztiak irabazi dituzte 500 kiloko txapelketan eta Euskal Herria ordezkatuko dute munduko txapelketan. Argazkia: Potronko

Gizonezkoen pisurik arinenean, aldiz, Beti Gaztek amore eman behar izan zuen Gaztediren kontra. Kategoria guztietako tiraldi guztiak irabaziak zituzten lesakarrek, baina larunbatean Laukizko taldea ongi nagusitu zitzaion. Halere, bertze tiraldi guztiak irabazita bigarren izan zen Beti Gazte. Goiherrik osatu zuen podiuma, Ñapurrak laugarren izan zen, Abadiño bosgarren eta Txantrea seigarren.

Gazteak eta mistoa martxoko lehen asteburuan

Euskal Herriko sokatira txapelketa bukatzeko, martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.

Ondotik, martxoaren 11tik 12ra jokatuko dute Ipar Irlandan Munduko sokatira txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun