Joon Kim

«Maiteminduta nago hemen egiten diren bestez»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 26a, 09:00

Euskal Herrian hiru urtez bizi izan den korearra da Joon KIM, eta Toki Onako irakaslea da gaur egun Beran.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Zaila da! Burua txoriz betea duen mutikoa naiz, zentzu onean zein txarrean!

Zein dira zure zaletasunak?

Hagitz mendizalea naiz, ahalik eta gehien joaten naiz eta Bortzirietan bizitzeak aukera aunitz ematen dizkit. Eskalada ere asko gustatzen zait.

Nongoa zara?

Hego Koreakoa, Zeelanda Berrikoa eta Australiakoa naiz.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

2020an etorri nintzen. Madrilen bizi nintzela pisukide euskaldun bat nuen, eta berak piztu zidan bere herriarekiko interesa. Lehen urtean Donostian egon nintzen eta bigarren urtean Lekeition. Gero urte batez Extremadurara joan behar izan nintzen lanagatik, Berara etorri arte. Guztira hiru urtez egon naiz Euskal Herrian.

Zergatik etorri zinen Berara?

Egia erran ez zegoen nire esku. Gobernuari eskatu nion Nafarroako herri ttiki batean sartzea, eta hemen nauzu!

Zein da zure ama hizkuntza?

Ama hizkuntza korearra dut.

Non ikasi duzu euskaraz mintzatzen?

Donostian bizi nintzenean asko entzuten nuen karrikan eta ikastetxeetan, baina ez nuen egiazki ikasi. Lekeitiora bidali nindutenean argi nuen AEKko ikastegian izena emanen nuela. Eta han ikasi nuen, eta noski karrikan jendearekin solastatzean!

Zailtasun haundiak izan zenituen ikasteko?

Ez naiz hagitz argia, eta kostatzen zait entzuten dudana ez ahaztea. Gero, zailtasunik haundiena betikoa da: praktika. Alferra naiz eta horregatik ez dut nahi bertze menperatzen euskara.

Kultura aldetik ere Euskal Herria hagitz desberdina izanen da, ez?

Bai, noski! Maiteminduta nago hemen egiten diren bestez, inauteriak, adibidez. Hagitz arrotza egiten zait, hagitz berezia; dantzan dabilen jende mozorrotua, musika, joaldunak, giro polit eta adiskidetsua… izugarria da dena.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Euskal Herriak eskaintzeko duen guzti-guztia aprobetxatzea da nire asmoa, zatitxo bat baino ez dut ikusi!

Eta epe luzera?

Nazionalitatea ateratzea eta hemen betirako bizitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun