«Osasun zerbitzu duina behar dugu!
Duela hilabete bat Bortz herrietako osasun etxeen aitzinean bildu ginen, ehunka pertsona, Bortzirietako osasungintzaren egoera larria salatzeko eta soluzioak eskatzeko. Hilabete pasa da, baina egoera tamalez ez da aldatu, denak berdin jarraitzen du.
Momentu honetan:
- Herrietako osasun etxeetara medikuak itzuli dira; baina Lesakako osasun etxean ez dago medikurik, bertze 4 herrietako medikuak etorri behar izaten dira txandaka, Lesakan aldiro mediku desberdina dago, bertze 4 herrietan lau egunez behin medikurik gabe gelditzen dira.
- Zazpi mediku eta erdi beharrean 4 baino ez ditugu. Hain zuzen, pediatrarik gabe gaude, haurren arreta ere familia medikuek egin behar dute.
Duela hilabete ere erran genuen, egoera honek badu soluzioa. Borondate politikoa egonez gero, konpondu daiteke. Konpondu beharra dago.
Berriz ere bi eskaera bakarrik egiten ditugu;
- Osasun arloko profesional gehiago jartzea, zerbitzu duin bat jaso ahal izateko
- Osasun azpiegiturak hobetzea eta egokitzea, behar diren zerbitzuak eman ahal izateko. Horretarako beharrezkoa da Lesakako Osasun zentroa handitzeko plana behingoan garatzea, dauden zerbitzuak emateko nahiz berriak ekartzeko.»
Mobilizazioekin segituko dute
Bortzirietako Osasun Plataformako Clara Rouguetek mobilizazioekin segituko dutela ere iragarri zuen: «Medikuak artatua izateko eskubidea herritar orok dugu, norbanakoaren eskubidea da. Herri guztiek behar dute osasun sistema duina, hiri handiek, nahiz herri ttikiek. Zerbitzurik gabe herriak ezin dira bizi. Izan ere, zerbitzu duinak izateak herriak bizirik mantendu eta herritarrak bertan gelditzea ahalbideratzen du, landa eremua babesteko hitzetatik ekintzetara pasa behar da. Horregatik, mobilizatzen segitu behar dugu, gaur Lesakako plazan eta hilabetero behar den leku guztietara eramanen dugu aldarrikapena, entzun gaitzatela. Bortzirietan osasun zerbitzu duina behar dugu!».