Beti Gazte elkarteko Beti Gazte Laxterka taldeak antolatutako Lesakako Mendi Lasterketaren laugarren edizioa martxoaren 12an eginen dute. Igandean 10:00etan abiatuko da 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen lasterketa nagusia plazatik eta Frain (455 metro) eta Unanue (650 metro) igo beharko dituzte berriz ere plazan helmugaratu baino lehen. Nafarroako Mendi Federazioko rankingerako proba puntuagarria izanen da.
Izena ematea martxoaren 8ra arte
16 urtetik goitiko korrikalariei zuzendutako lasterketa da, aurten ere ez baita Gazte Trail lasterketarik eginen. Halere, 16 urtetik beheitikoek ere izanen dute parte hartzeko aukerarik, gurasoen edo tutorearen baimena aurkeztuta. Izena emateko epea martxoaren 8an bukatuko da, www.herrikrosa.eus webgunean.
Izena eman dutenek dortsalak lasterketa bezperako larunbatean hartzeko modua izanen dute, 16:30etik 19:30era eta probaren egunean 08:00etatik 09:30era, Lesakako udaletxeko arkupetan. Sei hornidura-gune izanen dira ibilbidean, helmugakoa barne.
Joan den urteko hirugarren edizioan 156 kirolarik parte hartu zuten eta kopuru hori gainditzea espero du aurten Beti Gaztek. Errekorrei dagokienez, Hondarribiko Joxe Amunarrizek egin zuen gizonezkoena 2019ko lehen edizioan (1.11.15) eta Zarauzko Nerea Amilibiak iazko hirugarren edizioan emakumeena (1.35.27).