Euskal Herriko sokatira txapelketan gizonezkoen 600 kiloko finala jokatuko dute larunbatean Berangon

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 17a, 16:00
Beti Gazteko gizonezkoek lehen bi jardunaldietako tiraldi guztiak irabazi dituzte eta 600 kiloko txapela ere irabazteko faborito izanen dira.

Emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatuko dute

Euskal Herriko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketak aitzinera segitzen du. Otsailaren 18an Berangon (Bizkaia) gizonezkoen 600 kiloko kategorian finalerako sailkatu diren sei talde onenak ariko dira. Lehen bi jardunaldietan Beti Gaztek irabazi ditu tiraldi guztiak eta lesakarrekin batera, Gaztedi, Goiherri, Ñapurrak, Abadiño eta Amaiur ariko dira finalean.

Azken txapelak banatzea falta

Otsailaren 25ean, Laukizen (Bizkaia), emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, saio bakarrean, jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisurik arinenean Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrearekin lehiatuko da.

Martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun