Bortzirietako osasun langileek, alkateek eta zenbait herritarrek agerraldia egin dute gaur eguerdian Lesakako Osasun Zentroan, «eskualdeak bizi duen osasun arretaren inguruko arazo larriaz» aritzeko.
Urtarrilaren 26an egindako elkarretaratzeen balorazio «hagitz positiboa» egin dute; «izugarrizko arrakasta izan zuten, herritarren haserre eta ezinegonaren adierazle garbia», Ladis Satrustegi Lesakako alkateak aipatu duenez. Hala ere, «tamalez, osasun agintariek entzungor egitea erabaki dutela» salatu dute, eta mobilizazioekin segitzea erabaki dute. Hurrengoa otsailaren 23an, datorren ortzegunean 18:30ean Lesakako Plaza Zaharrean izanen da, eta herritar eta eragile guztiei parte hartzeko deia egin diete, «egoera hobetzeko mobilizatzea nahitaezkoa baita».
Honez gain, «antzeko egoeran dauden Nafarroako bertze plataformekin» harremanetan daudela jakinarazi dute, «eta ez dugu baztertzen, egoerak bere horretan segitzen badu, Iruñean mobilizazio bateratu bat egiteko aukera».
Kontsultategiak irekiak
Otsailaren 13an Bortzirietako herrietako kontsultategiak ireki zituzten, «ahalik eta arretarik hoberena ematen segitu ahal izateko», Marilen Telletxea erizainaren erranetan. Hala ere, mediku faltaren arazoak konpondu gabe segitzen duela salatu du Lesakako Osasun Zentroko zuzendaritzak; lanaldi osoan ari zen Lesakako pediatrak erretiroa hartu zuen abenduan, Berako pediatraren lanpostuak ere (lanaldi erdikoa) hutsik segitzen du, eta Lesakako bi mediku bajan daude eta ez dute ordezkorik bidali.
Horregatik, goizez eta larrialdietako zerbitzuetan aritzen diren medikuak txandakatuz moldatuko dira. Goizeko ordutegian artatuko dituzte gaixoak herriz herri, baina ezin izanen dituzte egunero bortz herrietako kontsultategiak zabaldu: «lau mediku gara zazpi lanpostu betetzeko».
Hitzordua hartzea nahitaezkoa izanen da 08:00etatik 10:30era, eta pediatriako zerbitzua familia medikuek ematen segituko dute, pediatriako erizainekin elkarlanean. Horrez gain, kanpoko profesional batek astean bi egunez lagunduko du, 16:00etatik 20:00etara, Lesakan.