Bukatu dituzte Beran Plaza Zaharreko zuloa konpontzeko lanak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 13a, 19:00

Iazko azaroan hasi zituzten Beran Plaza Zaharra berritzeko eta Kalbario errekari trazadura berria egiteko lanak. 2021eko abenduan eta iazko urte hasieran izandako uholdeek zuloa handia eragin zuten Plaza Zaharrean, eta arazoari behin betiko soluzioa eman diote orain. Errekastoa bi metroko diametroa duen ubide berritik bideratu dute eta Plaza Zaharreko eremuaren urbanizazioa ere egin dute.

Lanak Mariezcurrena enpresak burutu ditu, bi hilabete inguru luzatu dira. Berako udala eta bizilagunak gustura gelditu dira lanak nola egin diren ikusita. Aurreikusita zueden bide mozketa eta eragozpenak ez dira azkenean hainbertze izan. Udalak eta bizilagunek Mariezcurrena enpresa eta kanal berria eraikitzen ibili diren langile taldea eskertu dute publikoki.

Kalbario errekaren kanal berria eraikitzeaz gain bertze hainbat hobekuntza egin dira: Oinezkoentzako mugikortasun eta irisgarritasunean hobetu da, auzora iristeko espaloi berria eraiki delako. Hondakin ontzien puntua ere hobetu da, zola hormigonatuz. Argiteria ere berritu da, eraikitako eskailera eta iparraldera gelditzen den horma argiztatuak geldituko direlarik. Lorenzobaita etxe aldera ere espazio bat egokitu da, etorkizunean banku batzuk paratuz bizilagunentzat elkargune bat izan daitekeena.

Erreka lurperatzen den puntuan eraiki den horman, plaka bat paratzeko asmoa ere badute, Plaza Zaharraren historia ezagutarazteko. Espazio hau frontoi ireki bat zen, Saran eta Urruñan aurkitu ditzazkegun moduan. XVIII. mendean, erreka honek gainez egin, eta kalte egin zituen Plaza Zaharrean hasi eta Zia errekaraino. Bidean zeuden bi zubi aurrean eraman zituen.

Obraren kostua 544.275,23 eurokoa izan da eta Nafarroako Gobernuak 497.390,76 euroko dirulaguntza eman du. Beraz, Berako udalak paratu beharrekoa 46.884,47 euro da.

Nafarroako Gobernuaren diru laguntza lortzeko udalak ahalegin handia egin behar izan duela azpimarratu dute. Aurrez aurreko bilerak egin dituzte Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio departamentuarekin, Lurralde Kohesio atalarekin eta Lehendakaritzarekin ere. Ahalegin honek emaitza onak izan ditu, finantziazio handia lortu delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun