Inauteriak 2023

Etxalarko inauterietako egitaraua prest dute herriko gazteek

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 13a, 12:00
Heldu den astelehenean baserriz baserri ibiliko dira gazteak eskean. Egun horretako gosarirako izena emateko epea asteazkenean bukatuko da.

Otsailaren 16an Ortzegun Gizenarekin hasi eta astearte inaute egunean bukatuko dira

Otsailaren 16an, Ortzegun gizenarekin hasiko dituzte inauteriak herritarrek. Egun horretan Landagain eskolan goizez ez da eskola saiorik izanen, ikasleak eskean ibiliko direlako. Eguerdiko 14:30erako, ikasleak eskolara joanen dira eta herriko zenbait lekuetan hainbat ekintza (antzerki, dantza, bertso….) eginen dituzte. Egunari akabera emateko, Guraso Elkarteak merienda emanen du.

  • Otsailaren 19a, igandea, Zaldun inaute eguna izanen da eta kinto bestak ospatuko dituzte.
  • Otsailaren 20an, astelehenean, inaute-inaute eguna ospatuko dute eta herriko gazteak, baserrietan ibiliko dira eskean. 08:00etan gosaria eginen dute La Basque jatetxean eta bertatik hasiko dira ibilbidea egiten trikitilariek lagunduta.
  • Otsailaren 21a, asteartea, mozorro eta karrozen eguna izanen da. 12:00etan plazan elkartu eta herrian barna ibiliko dira karroza eta mozorroekin. Herriko gazteen eskutik pintxoak banatuko dituzte. Eguerdian gazteek bazkaria izanen dute La Basque jatetxean. Egun honekin, Larraburua Jubilatuen elkartekoek ere bazkaria eginen dute Larraburuan. Arratsaldean katiuska eta abarka jaurtiketa eginen dute plazan.
  • Asteleheneko gosarira, edo astearteko bazkarira joan nahi duenak izena eman beharko du Elutsa Ostatuan egonen den zerrendan otsailaren 15a, asteazkena baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun