367.795 euroko inbertsioa eginen du Lesakako udalak mendi lanetan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 9a, 12:00

Garbiketa eta landaketa lanen zatirik handiena Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du

Lesakako udalak 2022-2023 urteko mendi komunaletan egin beharreko garbiketa eta landaketa lanak esleitu ditu. Lan hauek egiteko 223.931,06 euro erabiliko ditu udalak. Hauetatik, 154.130,12 euro Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu.

Garbiketak,  Frain, Ziobi, Ailegi, Aialde, Eskolamendi, Lantzarrietako malda, Zumarra, Sastrin eta Beltzau alderdietan eginen dituzte.  Guztira ia 100 hektarea garbituko dituzte uztaila-abuztu aldera.

Landaketak Frainen eta Ailegin egiten ari dira. Frainen, bertako haritzak, gereziondoak, mendiko haritzak, eta taeda pinuak landatu dituzte. Ailegin Zedro japoniarra, mendiko haritzak, bertako haritzak, gereziondoak, lizarrak, ezkiak, otsalizarra eta hagin zuhaitzak landatuko dituzte. Guztira 17  hektarea landatzen ari dira urtarrilean eta otsailean. Azkenik, Sastrin alderdian zerrakura erretiratuko dute.

Otsangon ere 21 hektarea landatuko dituzte

Lan hauekin batera, Otsangon ere landaketa bat eginen dute, bertako haritza, gereziondoak, alertzea, zedro japoniarra eta sekuoiak 21 hektareatan landatuz. 143.864 euroko kostua izanen du. Lesakako udalak sustatu du landaketa hau, baina Nafarroako Gobernuak ordainduko du oso-osorik.

Beraz, denera 367.795 euroko inbertsioa eginen da aurten mendietan, baina Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzen bidez, 297.994 euro ordainduko dira eta Lesakako udalak 69.801 euro hartuko ditu bere gain.

Albiste honetan ikus dezakezue Basartea Gestión Forestal enpresak Frainen grabatutako bideo bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun