Heldu den astelehenean irekiko dituzte Bortzirietako herrietako kontsultategiak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 8a, 16:00

Oraindik mediku faltarekin segitzen dutela adierazi du Lesakako Osasun Zentroko zuzendaritzak ohar bidez, baina hala ere, otsailaren 13tik aitzinera herrietako kontsultategiak irekitzea erabaki dute, «ahalik eta arretarik hoberena ematen segitu ahal izateko».

Mediku faltaren arazoa ez da konpondu Bortzirietan. 2022ko abenduaz geroztik hainbat mediku falta dituzte eta gaur egun berdin segitzen dutela salatu du Lesakako Osasun Zentroko zuzendaritzak: lanaldi osoan ari zen Lesakako pediatrak erretiroa hartu zuen abenduan eta bere lanpostua hutsik dago, Berako pediatraren lanpostuak ere (lanaldi erdikoa) hutsik segitzen du, eta Lesakako bi mediku bajan daude eta ez dute ordezkorik bidali.

Hori dela eta, medikuen kontsulta guztiak Lesakan ematea erabaki zuten urte hasieran, eta gainerako herrietako medikuen kontsultategiak itxita, urtarrilaren 9az geroztik Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako herritarrak Lesakan artatu dituzte. «Egun aunitzetan hiru mediku baino ez ginen Bortzirietako 8.400 herritar artatzeko, haur zein heldu», azaldu dute oharrean.

«Oraindik lau mediku falta dira»

Egoera hori, ordea, ezin dutela gehiago luzatu adierazi dute: «medikuek, erizainek eta administrariek esfortzu handia egin arren, ezin dugu zaurgarriengana eta gaixo kronikoengana ailegatu». Hala, berriz herrietako kontsultategiak zabaltzea erabaki dute, eta horretarako, goizez eta larrialdietako zerbitzuan aritzen diren medikuak txandakatuz moldatzeko asmoa dute. Dena den, mezua argia da: «ez gara normaltasunera bueltatu, oraindik lau mediku falta dira».

Astelehenetik aitzinera goizeko ohiko ordutegian artatuko dituzte gaixoak herriz herri, baina ezin izanen dituzte egunero bortz herrietako kontsultategiak zabaldu: «lau mediku gara zazpi lanpostu betetzeko». Hortaz, «medikurik gabe dauden Lesakako herritarrak artatu ahal izateko, astero egun batean edo bitan herri batean ez da kontsultarik izanen».

Gainerakoan, orain arte bezala, hitzordua hartzea nahitaezkoa izanen da, 08:00etatik 10:30era. Pediatriako zerbitzua, berriz, familia medikuek ematen segituko dute, orain arte bezala, pediatriako erizainekin elkarlanean. Horrez gain, «astean bi aldiz, 16:00etatik 20:00etara, kanpoko profesional bat Lesakara etorriko da».

Argi utzi nahi izan dute «profesional guztiak lanean» ari direla eta «egoera hobetzea espero» dutela. Baina gisa berean, «herritarren kolaborazioa eta ulermena» eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun