Lesakako merkatariei egindako inkestako datuak aurkeztuko dituzte otsailaren 13an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 20:00
Merkatariei egindako inkestaren berri emanen dute astelehenean.

Hirugarren sektorearen egoeraren diagnostikoaren barrenean egin da lana eta eta astelehenean 14:30ean eginen dute ekitaldia pleno aretoan

Lesakako udalak, hirugarren sektorearen egoeraren diagnostiko bat egiten ari da, horretarako sortu berri den komertzio mahaiarekin lankidetzan. Diagnostiko horretan oinarrituta, denen artean erabakiak hartuko dituzte sektorea dinamizatzeko. Helburua argi dago: Lesakako hirugarren sektorea bizirik mantentzea, etorkizun oparoa bermatuz epe motz, ertain eta luzera. 

Diagnostikoa aitzinera eramateko behar diren datuak biltzeko, komertzio mahaitik hainbat inkesta egiten ari dira: Lehena, merkatariei zuzendua eta bigarrena, udalerriko bizilagunei. Lehenengoen datuak dagoeneko bildu dira eta hurrengo astean aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte bilera batean. Hau, astelehenean, otsailaren 13an, 14:30ean izanen da udaletxeko pleno aretoan.

Bilera komertzio, zerbitzu, ostalari eta herritar guztiei irekia izanen da. Azkenik, udalak eskerrak eman nahi dizkie inkestaren bidez ikerketan parte hartu duten establezimenduei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun