Bidasoa Ospitaleko proiektu berriaren lizitazioa geldiarazteko eskatu du Osasun Bidasoa Plataformak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 13:00
Duela urtebete Lesakan egindako elkarretaratzeko irudia.

Bidasoa Ospitaleko lanek berriz ere ezinegona sortu dute. Profesionalen, udalen eta herritarren elkarteekin elkarlanean «aukera guztiak kontuan hartzeko» exijitu du Osasun Bidasoa Plataformak. Bere hitzetan, «arlo kirurgikoa berritzeko irtenbiderik hoberena eraikin berri bat eranstea» da.

«Profesionalak, erakundeak eta herritarrak kontuan hartu gabe»

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak 2021eko irailean erabaki zuen Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzea. Tarte horretan, urte bat eta erdiz, jarduera kirurgikoa Donostiako Onkologikora eramatea proposatu zuen. Baina horrek ezinegona sortu zuen profesionalen eta herritarren artean, eta Osasun Bidasoa Plataforman bildu ziren. Agerraldien, elkarretaratzeen eta manifestazioen ondotik proiektua geldiaraztea lortu zuten. Osasun Bidasoa Plataformaren hitzetan, «osasun sailburuak proiektu berriaren etapak garatzeko profesionalak, erakundeak eta herritarrak kontuan hartzeko konpromisoa hartu zuen», baina salatu duenez, «konpromiso hori, gaur egun, ez da inondik ere bete».

Obra bigarren solairuan

Plataformak esplikatu duenez, «kirurgia arloko buruei bloke kirurgikoa berritzearen inguruan zituzten beharrak ezagutzeko deitu zieten», eta horren ondotik jakinarazi omen zieten «ez zela inondik ere ospitaleko bertze eremu batean obra egiteko aukera aurreikusi», hau da, ez zutela erantsitako eraikina egiteko aukerarik aurreikusi. Horren partez, «duela gutti berritutako oraingo eraikineko bigarren solairuan» egin nahi zutela.

Plataformak ez du begi onez hartu erabakia eta «kokapen hori ez dela arrazoizkoa» erran du; «ospitalizazioko 20 ohatze galtzea eta gaur egun bigarren solairuan dauden zerbitzuak modulu aurrefabrikatuetan birkokatu beharra» eraginen bailuke, «horren dakarren gainkostu ekonomikoarekin». Gaineratu duenez, «kontuan hartu behar da ospitalean guttienez hemezortzi hilabetez obra mantentzeak eragozpenak sortuko lituzkeela; ondorioak bai pazienteentzat, batez ere ospitaleratuak daudenentzat; bai laguntzaileentzat; baita profesionalentzat ere: etengabeko zaratak, obra hondakinen mugimenduak, hautsa...».

«Errespetu falta»

Ez profesionalek, ez herritarrek lizitatutako proiektu berriaren ezaugarririk ez dutela hartu ere salatu du plataformak: «Beraz, ez dakigu kontuan hartu diren profesionalen eskaerak, ezta arlo berria bezain zabala izanen den ere beharrak bete ahal izateko».

Horrekin batera, plataformak oroitarazi du «profesionalek eta herritarrek hasieratik bloke kirurgiko berria eraikin erantsi batean kokatzea» eskatu izan dutela, «bertze ospitale batzuetan egin den bezala». Eta proposamen horri muzin egin izana leporatu die Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari eta Bidasoko ESIko Kudeaketakoei. Plataformaren arabera, «proiektu hori aunitzez garestiagoa izanen litzatekeela argudiatzen dute, baina baieztapen hori frogatzen duen zenbakirik edo aurrekonturik aurkeztu gabe». Argi dute «funtzionamendu betean dagoen ospitale batean eraikin erantsi bat eraikitzeak obren nahasmena saihesteaz gain, gaur egungo asistentzia eremu eskasa handituko lukeela», eta gisa horretara, «herritarrei kalitatezko arreta bermatu».

Proiektu berriari buruz dakitenagatik, plataformakoek uste dute «gastu ekonomiko haundia izatez gain, ez dela ospitalea haundituko. Obra bertze eremu batzuen kalterako izanen baita, preseski ospitaleko zati modernoenen kalterako». Konbentzituta daude «horrek ekarriko dituen ondorioak herritarren kalterako izanen direla».

Ardurak hartzeko eskaria

Lehenbiziko proiektua geldiarazteak izan duen gastu ekonomikoaz ere galdetu du plataformak eta «kudeaketa txarraren erantzukizuna» euren gain hartzeko eskatu die arduradunei. Eta horrekin batera, «osasun sailburuak profesionalekin, erakundeekin eta herritarrekin partekatzeko hartutako konpromisoa bete gabe proiektu berria lizitatu izana errespetu falta haunditzat» jo du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun