EcoLabel zigilua eskuratu du Arantza Hotelak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 08:00

Mikel Irujo kontseilaria, Arantza hoteleko Alberto Madinabeitia eta Joanes Andueza eta Maitena Ezkutari turismo zuzendari nagusia, Arantza hotelaren atarian.

Estatu osoko bortz izarretako hotelen artean ziurtagiri hori lortzen lehena izan da

Turismo iraunkorraren garapena sustatzeko apustuaren barrenean, Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak, eta Maitena Ezkutari, Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Arantza Hotela bisitatu zuten astelehenean. Arantza hoteleko Alberto Madinabeitia eta Joanes Anduezari EcoLabel zigilua eman zieten. Nafarroan ehuneko ehunean jasangarria den 5 izarretako hotela da eta lehena estatu osoan EcoLabel zigilua eskuratzen. Ziurtagiri ekologiko hori herritarrek ingurumenean eragin negatibo gutxien duten produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko sortu zen.

Nafarroako Gobernuko ordezkarien bisitaren helburua enpresa txiki batek honelako aintzatespena lortzeko egin behar dituen ahalegin guztiak egiaztatzea izan da. «Zigilu horrek aintzat hartzen ditu turismo jasangarriarekiko eta ekonomia zirkularrarekiko zuen ahalegina, berrikuntza, errespetua eta konpromisoa. Nafarroan denbora asko daramagu turismo iraunkorraren erreferente izateko, eta horrelako aitorpenek lagunduko digute lortzen», nabarmendu du Irujo kontseilariak. Bisitan hoteleko eskaintza gastronomikoaren parte diren produktu jasangarriak eta 0 kilometrokoak dastatu zituzten.

Arantza Hotelaren EcoLabel etiketaren ziurtagiria Enpresa Txiki eta Ertain turistikoentzako deialdiaren barrenean diruz lagundu da, produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean kalitatea eta berrikuntza sustatzeko.

Zigilu hori lortzeko, hainbat jarduera egin ditu Arantza Hotelak: plastikoaren erabilera 0; Km 0 produktuak; energia jasangarria %100 berriztagarria, eta eguzki-plakak ezartzea. Gainera, hotelean erabiltzen diren produktu guztiak ekologikoak dira, bai garbiketan bai elikaduran, Energia %100 berriztagarria da, eta eraikinak A katalogazioa lortu du, argi naturalagatik eta isolamendu-kristalengatik. Eguzki-plakak ere paratu dituzte eta ur hornidura ostatutik gertu dagoen iturburutik dator.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun