Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpena egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 6a, 09:00
Jendetza bildu zen larunbatean Lesakako herriko etxean, Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpenean.

Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela gogoan, eskualdean torturaren inguruko zikloa antolatu dute. Baztan-Bidasoaldeko hitzordua Lesakan egin dute larunbat honetan, eta Leitza, Areso, Goizueta, Arano, Larraun, Lekunberri, Araitz, Basaburua eta Imotzekoa otsailaren 17an Leitzan. Nafarroako Torturatuen Sareak aurkezpen hitzaldia eman zuen larunbat arratsaldean Lesakako Herriko Etxean eta jende aunitz bildu zen ekitaldian.

Nafarroako tortura kasuak

Nafarroako tortura kasuei buruzko datu berriak ezagutarazi dituzte berriki. Kriminologiaren Euskal Institutuak duela aste batzuk aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari Nafarroan 1979tik 2015era arte izandako tortura kasuak bildu dituen txostena eta horren arabera, epe horretan tortura jasan zuten 676 pertsona identifikatu dituzte eta uste dute guttienez 825 kasu izan daitezkeela. Momentuz aztertu eta datu basean sartu dituztenak 434 lagunek jasandako 532 tortura kasu dira.

 

Ikerketaren bigarren zatia

Lehendik egindako ikerketa osatzeko balio izan du azken txosten honek. Hala, 1979tik 2015era izandako kasu horiei, 1960tik 1978ra bitartekoak gehituta, Nafarroan guztira 891 lagunek jasandako 1.068 tortura kasu izan direla ondorioztatu du Kriminologiaren Euskal Institutuak.
Txostena Kriminologiaren Euskal Institutuak egin du, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketak ikertzeko Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntzarekin. 

 

Ikertzen segitzeko eskaria

Nafarroako Torturatuen Sareko kideek begi onez hartu dute txostena eta ikerketaren bigarren zatia egin izana «positibotzat» jo dute: «Urteak pasatu ditugu ikerketa ofiziala, profesionala eta independentea eskatzen. Denbora horretan Nafarroan azken hamarkadetan arrazoi politikoengatik torturatutako pertsonak zenbat izan diren argitzeko eskatzen genuen». Eta hori eginda, «torturaren aitortzaren inguruan bide bat egiten hasi delakoan» daude. Hala ere, ikerketa bukatu gabea dela nabarmendu dute, eta «osorik bukatzeko» eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

 

Leitzan otsailaren 17an eta 18an

Leitzak otsailaren 17ko asteburuan hartuko du lekukoa. Egun horretan Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpen hitzaldia antolatu dute, 19:00etan Herri Aretoan. Eta biharamunean, otsailaren 18an eta 19an, torturaren inguruan Ander Iriartek egin duen Karpeta Urdinak filma ikusteko aukera izanen da. Bi egunetan 19:00etan Herri Aretoan emanen dute. Horrez gain, otsailaren 18ko emanaldian, filmaren zuzendariak eta Nafarroako Torturatuen Sareko kide batek parte hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun