Herri hezitzaile baterako bidean zenbait trebakuntza saio antolatu ditu Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 1a, 12:00
Joan den urrian egin zuen Oinherri elkartea Euskal Herriko Herri Hezitzaileen Sarearen aurkezpena Lesakako herriko etxean.

Oinherri elkartearekin elkarlan hitzarmena sinatu du eta Euskal Herriko Herri Hezitzaileen Sareko kide da orain Lesaka

Lesakako udala, Oinherrirekin elkarlanean, Euskal Herriko  Herri Hezitzaileen sarean sartuko da. Hori dela eta, hurrengo hilabeteetan Lesaka hezitzaile baterako oinarria adostu eta, estrategia partekatu bat eraikitzen hasi nahi du udalak, «hezkuntza modu integral batean lantzeko, ikastetxeez aparte herri batek haurrak hezi ditzakeelako. Lesakako hezkuntza komunitatea saretzeko eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko». Horretarako, ideia honetan lagundu dezaketen eragile nagusiekin diagnosi partekatu bat egiteko asmoa dute eta trebakuntza tailerrak eginen dituzte.

Tailer guztiak 18:00etan izanen dira udaletxean eta zaintza zerbitzua izanen da. Parte hartzea aurrez konfirmatzeko eta zaintza zerbitzua behar den adierazteko 692 18 62 52 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezua bidaltzea eskertuko dute.

Lehenengo saioa otsailaren 6an, datorren astelehenean, eginen dute, Diagnosi partekatua (non gaude?) goiburupean. Hezkuntza modu integral batean ulertuta Lesakan jadanik burutzen diren egitasmoak zerrendatuko dituzte. Egitasmo hauek aurrera eramaten lan egiten duten eragileak identifikatu eta euren arteko elkarlan edota sinergiak aztertzen ariko dira. Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izanen da saio honen helburua, indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, erronkak definitzeko.

Bigarren saioa martxoaren 6an izanen da, Hezkuntzarako herri estrategia (nora joan nahi dugu? goiburupean. Herri hezitzailearen filosofiak, hezkuntzatik herri estrategia aberasteko ematen dituen aukerak mahai gaineratuko dituzte. Herri bezala, ipar konpartitu bat eraikiko dute. Horretara heltzeko elkarrekin dituzten erronkak definitu eta lehentasunak adostuko dituzte.

Hirugarren saioa, azkenik, apirilaren 17an eginen dute, Plangitza partekatua (nola joanen gara?) goiburupean. Lesakako hezkuntza elkargunea ezaugarrituko dute azken saioan. Aurreko saioan definitutako ipar partekaturantz joateko, guztien elkarlanerako gunea diseinatuko dute. Hezkuntza elkargune hau sustatuko duen talde eragilea osatu eta ezaugarrituko dute, 2023-24 ikasturtean martxan hasteko plangintza partekatua definituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun