Arantzako mila bat argazki historiko eman zaizkio Nafarroako Artxiboari

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 31a, 14:00
Musikari taldea Arantzan, XX. mende hasieran. Lucio Bergararen funtseko mila argazkietako bat.

Lucio Bergarak egindako irudiek XX. mendearen lehen hereneko bizimodua islatzen dute  

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Lucio Bergara argazki funtsa hartu du dohaintzan. Bertan, Arantzako 1.035 argazki argitaragabe daude, XX. mendearen lehen herenekoak.

Emakumeak 'Singer' joskintza ikastaro batean.

Beirazko plakako irudiak, Lucio Bergarak eginak dira joan den mendearen hasieran eta hamarkadetan zehar kontserbatu izan dira tokiko familia-etxean. Orain, bere alabetako biek, alegia Maria Josefak eta Juana Maria Bergara Oñatibiak dohaintzan eman dizkiote Nafarroako Artxiboari, eta bertako Nafarroako Fototeka programaren barne hartu dira.

Emakumeak arto artean.

Argazki-funtsa

‘Lucio Bergara’ funtsa gelatina-bromurodun 1.035 beirazko plakekin osatuta dago, gehienak 13x18 cm, 9x13 cm eta 6x9 cm neurrietakoak, eta hainbat gai ageri dira irudietan. Gehienak talde-argazkiak dira (familiak, ezkontzak, lagun-taldeak), erretratuak (gizonezkoak, emakumezkoak, bikoteak), komunioko eta toki ospakizunen argazkiak (bestak, prozesioak). Irudiek eszenaren konposaketarako lan zorrotza erakusten dute, eta bere senitartekoen aburuz, aunitz zaintzen zuen alderdi bat zen. Bere argazkiek, familia ospakizun nahiz ospakizun publikoen gaineko mota orotakoek, herri edo erlijio kutsukoek, tokiko XX. mendeko lehenengo hamarkadetako bizitza islatzen dute , eta balio handiko lekukotza dira Arantzako historia berreraikitzeko orduan.

Ehiztari taldea Arantzan.

Funtsa hamarkadetan zehar kontserbatu zen Arantzako Gartxinea familiaren etxeko ganbaran, hein handi batean, Maria Bergara Bergara bere ilobari esker, zein Gabriel Bergara (Lucioren anaia) eta Josefina Bergararen alaba zen; horiek ondarea bere egileak utzi bezala kontserbatu zuten, hark ganbaran eraikitako eta etxeko laborategi modura erabili ohi zuen egurrezko kaseta txiki batean. Gela honetan gorde omen ziren beirazko argazki-plakak zekartzaten kutxak, kimikoen flaskoak eta argazkiak errebelatzeko behar zen bertzelako tresneria. 2016an, Ángel Murua Iñurritegi argazkigintza zale amorratuak, eta Maria Rosario Alustiza Bergara bere emazteak, María Pilar Bergararen alaba eta  Lucio Bergararen biloba, Maria Bergararekin hitz egin ondoren, material hura guztia berreskuratzeko baimena lortu zuten.Legazpiko (Gipuzkoa) bere etxera ekarri zuten, bertan garbitu, sailkatu eta eskaneatzeko aukera izanik.

Txistugilea Arantzan.

Nafarroako Errege Artxiboaren eta Artxibo Orokorraren zaintzapean jarritako Lucio Bergararen milaka argazkien harira, une hauetan goi kalitateko digitalizazio bat aplikatuko zaie, jarraian deskribatu eta katalogatzeko asmoaren arabera, horrela herritar orok kontsultatzeko aukera izan dezan. Horrela, argazki-funtsa erakundeak jada gordeta dituen bertze 85 argazki funtsei erantsiko zaie; eta horietako 26, Nafarroako Fototekaren nukleoa osatzen duten argazkilari, afizionatu eta profesionalenak omen dira. Nafarroako Fototekaren baitan erantsi ahal liratekeen argazkiak dohaintzan emateko interesa duten pertsonek Nafarroako Artxiboko pertsonal teknikoarekin kontaktatu dezakete, 848 42 46 23 telefonoan.

 

Autorea: ebanista eta argazkilari afizionatua

Lucio Bergara Matxikote (Arantza, 1892ko uztailak 6 – Legazpi, 1978ko abuztuak 4) ebanista eta argazkilari afizionatua izan zen. Donostiako Arte eta Ofizioen Eskolan ikasi zuen eta Arantzan egin zuen lana, bere aitaren aroztegi-tailerrean. 1920an, Urretxukoa (Gipuzkoa) eta Arantzako eskolako irakaslea zen Felicitas Oñatibiarekin ezkondu zen. Senar-emazteak, bost seme-alabaren guraso zirela, 1930ean Legazpira lekualdatu ziren eta andreak irakasle lanetan jarraitu zuen bertan; bera aldiz, Patricio Echeberría S.A. fabrikan aritu zen lanean erretiroa hartu arte.

Arantzako bere familiak elikadura eta ehungintza produktuak saltzen zituen denda bat gobernatzen zuen eta Gartxinea etxearen etxabean kokatuta zegoen (Goiko Karrika, 3)

Dokumentu ofizialetan idatziz jasota dagoenez, 1926an Lucio Bergara Arantzako Udaleko zinegotzia izan zen. 1937an, berriz, Legazpiko bake-epaile bezala aritu zen.

Lucio Bergara gaztetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun