Ziburumendira eginen du igandeko irteera Berako Agerra Mendi Taldeak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 11:00

Berako Agerra Mendi Taldeak Baztango Alkaxurira antolatua zuen irteera igande honetarako. Mendi Taldeak azaldu duenez, ordea, mendi tontorrean elurra dago, eta egun hauetako tenperaturek ez dute elur hori urtuko. Hori dela eta, parte hartzaileen segurtasuna bermatze aldera Alkaxurira ez joatea erabaki dute. 

Alkaxurira joan beharrean Larhun inguruan dagoen Ziburumendira joanen dira. 411 metroko altuera dauka mendiak eta 600 metro positiboko igoera metatua duen 12 kilometroko bidea osatuko dute. Ondoko ibilbidea eginen dute: Ibardin, Erentzazu, Intzola, Ziburumendi, Iasola, Landagañeta, Usategieta eta Ibardin. 

Hitzordua 07:30ean paratu dute Agerra Mendi Taldearen egoitzan handik Ibardinera autoz joateko. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun