Ehunka bortziritar karrikara atera dira osasun zerbitzu duina aldarrikatzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 07:00

Ehunka bortziritar bildu ziren ortzegun arratsaldean bortz herrietan «osasun zerbitzu duina nahi dugula aldarrikatzeko; aunitz luzatzen ari den eta denborarekin okerrera doan arazo bat salatzeko». Medikuek artatuak izateko eskubidea herritar guztiok dugula gogorarazi zuten Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan irakurritako komunikatuan, «norbanakoon eskubidea da. Herri guziek behar dute osasun sistema duina, hiri handiek nahiz herri ttikiek».

Gaur egun egoera nola dagoen ere oroitarazi zuten. Orain dela aste batzuk Bortzirietako zuzendaria zenak dimisioa aurkeztu zuen, egoeraren larritasunaren adierazle. Osasun langileen gain lan bolumen eta presio haundia dago; ezin dira iritsi eta, hori gutti balitz, euren gain jarri nahi dute ardura guzia.
Momentu honetan Lesakako osasun zentroan zentralizatua dago medikuen zerbitzua, hau da, bertze lau herriak medikurik gabe daude euren herriko kontsultetan. Zazpi mediku eta erdi beharrean lau baino ez ditugu. Hain zuzen, Pediatrarik gabe gaude, haurren arreta ere familia medikuek egin behar dute.

Zoritxarrez, «ez da epe motzeko soluziorik ikusten; partxeak jartzeko saiakerak bakarrik. Arazo hau, tamalez, eskualde osoan dagoen arazo bat da, Nafarroako bertze landa eremuko herri gehienetan dagoen arazoa. Zerbitzurik gabe herriak ezin dira bizi. Izan ere, zerbitzu duinak izateak herriak bizirik mantendu eta herritarrak bertan gelditzea ahalbideratzen du».

Lesakako osasun zentroa handitzea

2008an Nafarroako Gobernuak Lesakako osasun zentroa handitzeko plana programatu zuen. Iaz berritu zuen proiektu hura, epe laburrean gauzatzeko asmoarekin. Handitze horrek dauden zerbitzuak egonkortu eta berriak martxan jartzeko aukera emanen lukeela uste dute bortziritarrek.

Egoera honek, «borondate politikoa izanez gero» soluzioa baduela ere azpimarratu zuten, «konpondu daiteke, konpondu beharra dago». Bi eskaera bakarrik egin zituzten. Alde batetik, «osasun arloko profesional gehiago jartzea, zerbitzu duin bat jaso ahal izateko» eta bertzetik, «osasun azpiegiturak hobetzea eta egokitzea, behar diren zerbitzuak eman ahalizateko». Horretarako beharrezkoa da Lesakako Osasun zentroa handitzeko plana behingoan garatzea, «dauden zerbitzuak emateko nahiz berriak ekartzeko».
Atzo hasitako dinamika honek jarraipena izanen duela ere aipatu zuten, «hilabetero bilduko baikara. Oinarrizkoa den zerbitzu publiko hau modu duinean jasotzeko eta medikura joateko eskubidea aldarrikatuko dugu. Osasun zerbitzu duina orain!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun