Berako erdigunean aparkatzeko arauak oroitarazi ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 18:00

Kanttonberri karrika da aparkatzeko gune berde eta urdinak dituen karrika bakarra.

Duela bi urte, Berako erdigunean aparkatzea errazteko asmoz arau berriak ezarri zituen Berako Udalak, bereziki arazo gehien dagoen denda-guneetan aparkatzeko sistema aldatuz. Arau berri horiek herritar guztiei jakinarazi zitzaizkien bando bidez, baina, horiek betetzen direla bermatzeko, eta hainbat herritarren eskariz beratarrak ez direnei zabaltzeko beharra dagoela ikusi du udalak. 

Gaur egun Beran hiru aparkaleku mota daudela oroitarazi dute: plaza zuriak, berdeak eta urdinak. Plaza zurietan edozeinek aparkatzen ahal du inolako denbora mugarik gabe. Plaza berdeak beratarrentzat gordetako plazak dira, eta horietan aparkatzeko udalak banatutako txartel berdea behar da, eta autoan paratu behar da. Plaza horietan, zurietan bezala, ez dago aparkatzeko denbora mugarik.

Plaza berdeetan aparkatzeko derrigorrezkoa da horrelako pegatina autoan paratua izatea.

Urdinez markatutako plazak denbora mugatutako plazak dira. Horietan, edozeinek, beratarra izan ala ez, aparkatu dezake, baina ordubeteko denbora mugarekin (denden ordutegi barrenean 09:00-13:00/ 16:30-20:00 lan-egunetan, eta 09:00-13:00 jai ez diren larunbatetan). Plaza horietan aparkatzeko inguruan dagoen edozein dendatan hartu daitekeen ordu-diskoa paratu behar da. Aipatutako ordu horietatik kanpo libre da aparkatzea guztientzat, denbora mugarik gabe. Plaza urdinak Kanttonberri eta Legia karrikan, Mukixu Haur Eskola parean, Altzate karrikan eta Altzate plazan daude, eta behar bezala seinaleztatuak daude kartelen bidez.

Plaza urdinetan edozeinek aparkatu dezake, baina, ordu-diskoa paratu behar da.

Arau hauek errespetatzeko deia egin du udalak, eta gainera betearazteko «kontrol zorrotza» eginen dutela nabarmendu du: «Udalak neurri guztiak ezarriko ditu horiek errespetarazteko, eta kontrol zorrotza eginen du. Sistema hau arauak betetzen dugunon mesederako izanen delakoan gaude. Arauak betetzen ez dituztenek jakin behar dute jarrera hori zigortua izanen dela, guztion eskubideak defendatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun