Igantziko Udalak 1.000 euro eman dizkio Irungo Harrera Sareari

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 23a, 14:30

Mugan harrapatuta eta babesik gabe gelditzen diren migratzaileei laguntzen die sareak

Joan den ortziralean Igantziko Udalak 1.000 euro eman zizkion Irungo Harrera Sareari, hitzarmen bat sinatu ondotik. Hitzarmenak urtebeteko epea izanen du, eta lau urtera arte luzatzen ahalko da. Bertan, harremana finkatzeko bete beharreko baldintzak adostu dituzte.

Igantziko Udalak adierazi duenez, «badakigu ematen dugun kopurua ez dela nahikoa, baina lehen urratsa dela uste dugu, herritarrak oro har, eta erakundeak bereziki, kontzientziatu nahi dituena, benetan behar duenari laguntzeko dugun beharraz eta obligazioaz. Ez dugu Irungo Harrera Sarearen lana goraipatzeko aukera pasatzen utzi nahi, guk ekarpen txiki bat baino ez dugu egiten, haiena da meritua, gizatasunaren adibide bat dira, eta egin dezakegun gutxienekoa haiei bizkarra ez ematea da».

Irungo Harrera Sarea

Irungo Harrera Sareak jatorrizko lekuetatik bizimodu hobe baten bila datozen eta mugan harrapatuta eta babesik gabe gelditzen diren migratzaileei laguntzen die 2018tik. 100 lagun baino gehiagok osatzen dute sarea eta «harrera indibidual eta kolektibo duina eskaintzea» dute helburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun