Izar Iriarte Iturbide

«Neure burua defenditzeko gai izatearen segurtasuna ematen dit kenpo kaiak»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 22a, 11:30
Izar eta Alaitz Iriarte lehengusinak.

17 urteko igantziarra da Izar Iriarte Iturbide, geldirik egoten ez dakiena: «irakurtzea, bidaiatzea eta kirola egitea hagitz gustuko dut. Euskal dantzak, hip-hopa, gimnasia artistikoa, herri kirolak eta bertzelako kiroletan ibili izan naiz, baina gaur egun kenpo kai bertzerik ez dut egiten».

Familiako zaletasuna

3 urte zituela hasi zen kenpo kai arte martziala ikasten: «izebak kenpo kai klaseak ematen zituen herrian eta izena eman nuen». Horrela bihurtu zen kenshia (kirol honetako ikaslea) eta geroztik, klaseak Beran ematen segitzea erabaki zuen, «gustuko nuelako eta familian afizio hori genuelako». Izan ere, «nire izeba batzuk kirol honetan arituak dira, eta lehengusu ia guztiak aritzen ginen, beraz, elkarrekin egoteko aukera ona zen».

«Familian kenpo kairako afizio haundia izan dugu beti»

Kirol japoniarra da kenpo kaia, eta Iriartek azaldu duenez, «erranahi literala ukabilaren metodoen bilketa da. Hau da, nagusiki defentsa pertsonalean oinarritutako arte martziala da». Gainera, «norberaren gorputzaren kontrola, gogortzea, armen erabilera… ikasten da».

Entrenamenduen garrantzia

Gaur egun, astelehen eta asteazkenero ordubetez entrenatzen da Berako polikiroldegian, «baina txapelketa garrantzitsu baterako prestatu behar baldin banaiz, larunbatetan ere bi orduz aritzen naiz Elizondon».

«Entremanduetan ekipoa janzten dugu, hau da, kaskoa, eskularruak, petoa eta zango-babesak, eta berotzeko konbateak egiten ditugu bikoteka. Gero lauko taldetan biltzen gara, eta bik konbatea egiten duten bitartean, bertze biek arbitratu egiten dute, horrela, arbitratzen ere ikasten dugu. Azken ordu erdian, era guztietako katak lantzen ditugu; armekin, armarik gabe, katanarekin… eta autodefentsa teknikak, egoera erreal batean behar izanez gero aplika daitezkeenak».

Eraso bati aurre egiteko «milaka teknika» daude, «eta guk batzuk ikasteaz gain, teknika propioak asmatzen ditugu; immobilizazioak, itotzeak, jaurtiketak, artikulazioen luxazioak…». Konbateetarako gaitasunean trebatzeaz gain, «malgutasuna, erresistentzia eta abiadura lantzeko ariketak ere egiten ditugu, beraz, nahiko kirol konpletoa da».

«Defendatzeko gai izatearen segurtasuna»

Duela urte batzuk gerriko beltza (mailarik altuena) lortu zuen Iriartek: «hori lortzeko azterketa bat egin behar izan nuen, atal teoriko eta praktiko bat gaindituz. Atal teorikoa azterketa idatzia da, non kenpo kaiari buruzko oinarrizko ideiak dakizkizula erakutsi behar duzun». Gerriko beltzetik aitzinera, dan deituriko mailak lor daitezke azterketak gaindituz, «baina hagitz zorrotzak dira eta ongi prestatu behar da horietarako».

«Teknikak ikasteaz gain, gureak sortzen ditugu»

Igantziarrak gehien gustuko duena «kirolak ematen didan segurtasuna» da. «Hobe da klasean ikasitakoa bizitza errealean inoiz erabili behar ez izatea, baina zerbait gertatuz gero, badakizu nola erreakzionatu eta momentuko nerbioak hobe kontrolatzen, klasean mila aldiz errepikatzen ditugulako egoera horiek».

Lehengusina lagun

Ttikitatik Alaitz lehengusinarekin batera hartu ditu kenpo kai klaseak; «hagitz harreman estua genuen baina herri desberdinetan bizi ginenez, zaila zen elkar ikustea, eta elkartzeko aitzakia ere baziren klaseak». Orain maila altura ailegatura dira biak; «abuztuan Japoniara Munduko Kenpo Kai Txapelketara joatekoak ginen. Urte oso eman genuen gogor prestatzen, baina ekainean jakinarazi ziguten bertan behera gelditu zela Covidarengatik».

Hala ere, azaroan Espainiako txapelketa egin zen Madrilen, eta bertan izan ziren bi lehengusinak. Emaitza ikusgarriak lortu zituzten, hainbat modalitaten podiumera igoz.

Etorkizunera begira

Ikasketak direla eta, «etorkizunean ez dakit Berako klaseetara joaten segitzen ahalko dudan. Baina edozein lekutan nagoela ere, denbora eta gogoa baldin badut, seguru kenpo kaiarekin segitzeko aukera izanen dudala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun