Lesakako Txistulariek ‘Bertxistuz’ eskainiko dute urtarrilaren 21en

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 19a, 13:00

Lesakako txistulari taldeak 'Bertxistuz' emanaldia eskainiko du larunbat arratsaldean konbentuan. Argazkian, San Fermin egunean ageri dira txistulariak.

Larunbatean 18:30ean hasiko da emanaldia komentuan

Lesakako Txistulariek Bertxistuz, duela zenbait mende… izeneko emanaldia eskainiko dute urtarrilaren 21ean, larunbatean 18:30ean hasita komentuan.

Gaizka Sarasola, txistulari taldeko zuzendariak aipatu digunez, «duela bi urte Bertxioak deitu genion emanaldian, XX. eta XXI. mendeko zenbait kanta ezagunen moldaketak eskaini genituen. Oraingoan, batez ere, Berpizkunde garaiko doinuetan oinarritutako errepertorioa da emanen duguna, baita barroko garaikoa ere, XVI., XVII. eta XVIII. mendekoak. Hortik dator emanaldiaren izenburua ere».

Hortaz, duela zenbait mendeko konposatzaileen lanak (Juan de Antxieta, Praetorius, Rameau, Telemann…) joko ditu Lesakako txistulari taldeak, baita orduko doinu eta dantza herrikoiak ere.

Akordeoilarien kalejira larunbat eguerdian

Ez da Lesakan larunbatean izanen duten musika emanaldi bakarra izanen. Izan ere, akordeoilari taldea karrikaz karrika ibiliko da, 12:00etan hasita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun