Saihesbidea eginen dute Beran Matzada eta Eztegara artean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 19:00
Eztegara eta Matzada lotuko ditu lotuneak. Irudian, Matzada karrika.

875.000 euro hartuko ditu  Berako Udalak lan horiek egiteko, eta bertze 100.000 lanen bigarren fasearen proiektua idazteko

Berako Udalaren aspaldiko asmoetako bat da Eztegara eta Matzada artean sahiesbidea egitea, eta aurten egiteko asmoa dutela azaldu du Aitor Elexpuru Berako Alkateak:«Iaz proiektua osatu genuen, baina, obraren aurrekontu altuak hagitz zaila egiten zuen udal aurrekontuarekin bere gain hartzea», nabarmendu du Aitor Elexpuru alkateak. Orain, ordea, Eztegara eta Matzada lotuko dituen zubia eraikitzeko 875.000 euro hartuko ditu Berako Udalak, eta horrek posible egin du proiektua gauzatzea. EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen lan taldeak lortu du diru partida hori, aurrekontu zuzenketa baten bitartez.

Aurten hasiko diren lanek, Eztegara pasealekua eta Matzada karrika lotuko dituzte. Eztegara eta Kanttonberri arteko biribilgunean hasita, bide berri bat eraikiko dute. Bide horrek, Labiaga Ikastolaren parean, ezkerreko norantza hartuko du, eta Sastrako errekaren gainetik zubi batekin lotuko du Matzada. 

Bide berriak 6,6 metroko zabalera izanen du zirkulazioaren bi noranzkoetarako, eta 1,8 metroko zabalerako espaloi bat ere izanen du. Horrekin batera, Kaxernako bidearekiko lotura ere egokituko dute. 

Zubia eraikitzeko, gaur egun Labiaga ikastolaren parean dauden aparkatzeko plazak galdu eginen dira, baina, zubiaren bertze aldean aparkalekua egiteko proiektua egin dute. Horrek, galduko liratekeenak baino plaza gehiago sortuko lituzke. Gainera, lotura berriak «nabarmen» hurbilduko ditu Matzadako egungo aparkalekuak Toki Onako gunera eta Kanttonberriko dendetara. Udalaren hitzetan lanek «argi eta garbi erraztuko dute gaur egun gutxiegi erabiltzen den aparkaleku berri horretarako sarbidea». 

Saihesbidearen bigarren fasea

875.000 euroko aurrekontua ezarri dute lanak egiteko, eta bertze 100.000 euro saihesbidearen hurrengo bi faseen proiektua lantzen hasteko: Illekuetatik Angulerorainoko zatia Lizuniagako saihesbide gisa, eta Zelaia etxetik Itzea auzorainokoa, kasu berezietan Altzateko plazatik pasatzea saihesteko. Proiektuak egin ondotik, baloratu beharko dute lan horiek eremu horien urbanizazioarekin batera gauzatuko diren, edo kasuren batean, exekuzio hori udal-baliabideekin edo udalaz gaindiko finantzaketarekin aurreratu daitekeen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun