Astebete atzeratu dute Berako Azkena ziklo-kros txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 18a, 10:00
Joan den urtean lehen aldiz Beran egin zuten Azkena ziklo-kros proban 64 txirrindularik hartu zuten parte.

Igande honetan, urtarrilaren 22an egitekoa zuten Berako Azkena ziklo-kros probaren bigarren edizioa. Azken orduan, ordea, proba astebete atzeratzea erabaki dute «zirkuituaren egoera kaskarra» dela eta. 

Berako Udalak, Gure Txokoa Elkarteak eta CXM Events ari dira probaren antolaketan, eta proba atzeratzearen arrazoi nagusia zein den aletu dute: «Gaur egun  metro erdi baino gehiagoko ur putzuak daude zirkuituan, eta horrek ezinezkoa egiten du bai zirkuitua muntatzea, bai lehiaketarako erabiltzea ere. Iragarpenek ere ez dute laguntzen, hurrengo orduetan ur eta elur gehiago eman baitute». 

Barkamenak eskatu dizkiete parte hartzaileei aldaketak sortu ditzakeen eragozpenak direla eta: «Gure esku dagoen horretan laguntzeko prest gaude, hala nola hoteletako erreserbetan edo antzekoetan», nabarmendu dute. Gainera, azaldu dute data aldaketa dela eta proban parte hartu ezin dutenek inskripzioaren zenbateko osoa jasoko dutela bueltan. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun