Lesakako udalak 3,75 milioi euroko aurrekontua onartu du aho batez

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 16a, 20:00

Bidasoko Bide Berdearen loturako lanen bigarren fasearekin hasiko dira aurten.

Bidasoko Bide Berdearen loturaren bigarren fasea eta saihesbidea izanen dira inbertsiorik handienak

Lesakako Udalak guztira 3.752.077,64 euroko aurrekontua izanen du, iaz baino 171.850,45 euro gehiago. Abenduaren 23ko urteko azken udal batzarrean aho batez onartu zituzten aurrekontuak. Bertzelako gastu eta laguntzei dagokienez oro har, mantendu egin dira kopuruak, diru-laguntzak, ekitaldiak, mantenu gastuak, etab.

Aitzineko urtean hasitako proiektuei jarraikortasuna emateko asmoz, hainbat gunetan hobekuntzak burutzeko inbertsioak eginen ditu udalak: Alondegia eraikinaren bideragarritasun azterlana eta proiektua egiteko 17.545 euro; Eltzetako haur parkea berritzeko 36.000 euro eta Irain eskolako jolas lekua berritzeko 14.399 euro.

Bidasoko Bide Berdearen lotura

Bidasoko Bide Berdearen lotura egiteko bigarren fasea ere eginen du  aurten udalak. Lanak dagoeneko esleituta daude eta horretarako 344.707,51 euro bideratuko ditu. Nafarroako Gobernuak bertze 400.000 euro paratuko ditu proiektu honetan.

Mendiko lanak

Mendietan, azken urteetako ildoa jarraituz landaketak lehenetsiko dira (bertako espezieen %50a bermatuz), eta abeltzainentzako azpiegiturak eginez. Landaketa eta sasitze garbiketetarako 221.048 euro bideratuko dituzte eta abeltzaintzarako azpiegiturak eta auzo bideak moldatzeko 105.050,36 euro. Bi kasu hauetan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza aurreikusten da. Hauetaz gain, auzo bideak egokitzea aurreikusten da PIL-ak baliatuz, eta bide bazterren garbiketa sistematizatuko da.

Bertako produktuak sustatu eta ekoizleak laguntzeko asmoz, Malerrekan eta Bortzirietan bertako produktuen ekoizleen eta kontsumo taldeen dinamizatzailea kontratatu da, eta horretarako 4.487,57 euro jarri ditu udalak.
Lesaka haur eta nerabeentzako herri atseginagoa bihurtzeko pausoak ematen segitzeko, 1.500 euroko aurrekontua onartu da. Diru hau, Oinherri Herri Hezitzaileen elkartearekin elkarlanean erabiliko da plangintza horretan lehen pausoak emateko.

Energia berriztagarriak eta efizientzia energetikoen alorrean, gaur egungo krisi energetikoak aurreko urteetan eginiko apustua indartzea ekarri du, eguzki panelen bi instalazio martxan jarri ondoren eta herriko argiteriaren zati baten aldaketa modu positiboan baloratu eta gero 2023rako inbertsio garrantzitsua aurreikusi da, 265.425,15 eurokoa, argiteria publikoa berritzeko. Inbertsio honen %84 (224.550,98 euro) IDAEk diruz lagunduko du.

Frontoiko sarrera eta aldagelak berritzeko 40.000 euro erabiliko dira. Gastu hau ordaintzeko, EH Bilduk Nafarroako Gobernuko aurrekontutan lortutako partida erabiliko da.

Herritarren arretarako bulegoa martxan jartzeko 25.869,83 euro erabiliko dira. Hauetatik 15.905,63 euro Cederna Garalur agentziak ordainduko ditu.

Saihesbidea eta dirulaguntzak

Heldu den urteetarako aurreikusten den lanik handienetako bat Lesakako saihesbidea eraikitzea izanen da. Lan horiek finantzatzeko 500.000 euro lortu ditu EH Bilduk Espainiako aurrekontuetan, proiektua aztertu eta idazteko. Horrekin batera, lotune hori egiteko, bertze 3.750.000 euro bideratuko ditu Espainako Gobernuak.

Inbertsioei aurre egiteko nahitaezkoak dira diru-laguntzak, eta Tokiko Inbertsioen planera aurkeztu ditu udalak herrian dauden gabeziak asetzeko beharrezko diru-laguntzen eskariak.

  • Albisturren (Legarbaratzetik Ziobiraino) ur sareak eta kale horietako espaloiak egiteko diru-laguntza eskatu da. Baita Bittiria kalean ere.
  • Alkaiaga auzoko saneamendua egiteko ere diru-laguntza jasotzea aurreikusi da.
  • Eskol-Ttikin igogailua jartzeko eta obra ttiki batzuk egiteko.
  • Baserri bideak moldatzeko eskaera ere egin da. Peuran baserrira doan bidea eta Izotzaldean Sastringo bidea ere moldatzeko eskaerak egin dira, baita Idiburuta baserrirako.
    Hurrengo hilabeteetan jakinen da zenbateko diru-laguntza jasoko den, eta horren arabera zer lan egiteko aukera izanen den.

Funtzionamendu gastuak

Funtzionamendu gastuei dagokionez, iazko partida gehientsuenak mantenduko dira, meta exekuzioa kontuan hartuta batzuk handitu eta bertzeak ttikituko dira.

Kultura eta besta programaziorako diru gehiago bideratu da. Hala, 50.000 euro bideratuko dira kultura programaziorako, eta 90.000 euro bestetarako. Gainera, herriko kultura taldeei 32.000 euro banatu zaizkie diru-laguntzetan.

2023an Bortzirietako Euskara Mankomunitatera 104.815,81 euro, Bortzirietako Gizarte Mankomunitatera 93.633 euro eta Berdintasun Zerbitzura 29.197 euro bideratuko dira.

«Hauek dira 2023ko aurrekontuen ardatz nagusiak, herriak dituen baliabideak ahalik eta era egokienean baliatzeko saiakera bat dira, zorrak konprometitutako 197.704 euroak eta krisiaren ondorioz pairatzen dugun prezio igoerak baldintzatutako aurrekontuak», Ladis Satrustegi alkateak aipatu duenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun