44 bikotek eta hirukotek hartu dute parte Santa Barbarako kronoigoeran

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 16a, 12:00

Mendi Eguna egin zuten larunbatean hamaseigarrenez Beran. Goizean eskalada tailerra egin zuten Artxila Eskaladaren rokodromoan, eta arratsaldean Santa Barbarako kronoigoera, mendi itzulia eta dokumentalaren emanaldia. Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldeak eta Artxila Eskalada Taldeak antolatu zuten eguna elkarlanean. 

Artxila Eskaladaren rokodromoan egindako eskalada tailerrarekin hasi zuten eguna. Ondotik, arratsaldean,  guztira 44 bikote eta hirukotek hartu zuten parte Santa Barbarako kronoigoeran. 5,5 kilometro inguruko ibilbidea osatu behar izan zuten. Aurten mendi-irteera berreskuratu dute, eta 30 bat parte-hartzaile izan zituen.
 
Bikoteak eta hirukoteak minutuko tartearekin atera ziren Toki Ona Institutuko patiotik. Ohikoa den bezala, izena ematea doakoa izan zen, eta parte-hartzaile bakoitzak edalontzi berrerabilgarri bat jaso zuen, Santa Barbara gailurreko hornidura punturako eta helmugarako. Helburua erabilera bakarreko plastikozko edalontziak alde batera uztea denez, froga bat egin nahi izan dute Beran apirilaren 16an egingo den Maratoi Erdiari begira, ingurumena zaintzeko behin erabiltzeko plastikozko edalontzien erabilera ekiditeko.
 
Lasterketa herrikoia izaten da, eta parte hartzaileen denbora apuntatzen bada ere, ondotik ez da sailkapenik egiten. Adin aunitzetako parte hartzaileak izan ziren, beratarrak gehienak,  baina baita ondoko herrietatik etorritakoak ere. Iluntzean eskaini zuten dokumentalaren egileak berak ere parte hartu zuen lasterketan. 
 
Ibilaldia eta erlojuaren kontrakoa bukatutakoan,  parte-hartzaile guztiek berendua eta oparien zozketa izan zituzten Ricardo Baroja eskolako jantokian.
 

Dokumentalaren emanaldia

Erlojuaren kontrakoaren ondotik, Oscar Cadiachen Kumbakharna-tik haratago dokumentala proiektatu zen kultur etxean. 70 urteko Kataluniako alpinistak 14 zortzimilakoak oxigenorik gabe igo ditu, eta dokumentalaren aurretik bere ibilbidearen errepasoa egin zuen. Filmean Mingma Sherparen historia kontatzen du, zortzimilako guztiak igo dituen lehen sherpa Nepaldarra da bera. 
 
Manttako kideen aspaldiko laguna da Cadiach eta proiekzioari esker, 1999ko uztailean Gasherbrum II espedizioan parte hartu zuten hainbat mendizale elkartu ziren: Ana Larretxea, Xabino Korta, Julen Reketa, Patxi Pikabea eta Cadiach bera.
 
Ekitaldiaren amaieran, Manttale eta Agerra Mendi Taldearen eskutik opari bat jaso zuen, eta Tarragonako mendizalearen jarraitzaile beterano batek txapela bat eman zion

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun