Ladis Satrustegi Lesakako egungo alkatea izanen da EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 16a, 11:00

Laura Aznal eta Ladis Satrustegi, igande eguerdian Lesakan egin zen ekitaldian.

Laura Aznal, Nafarroako presidentegaiarekin batera agerraldia egin zuen igande eguerdian

EH Bilduk ekitaldi soziala egin zuen igande eguerdian Lesakan, Ladis Satrustegi Alzugaray Lesakako udal hauteskundeetarako zerrendaburua aurkezteko. Laura Aznal, Nafarroako EH Bilduko parlamentari eta presidentegaiak hartu zuen hitza ekitaldian. Satrustegirekin batera, alderdi subiranistako dozenaka kide eta kargu izan ziren Lesakan.

Satrustegik aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuenez, «ez da agintaldi erraza izan, udal-taldea buru-belarri lanean hasi eta handik gutxira, pandemia iritsi zen. Honek erabaki zailak hartzera behartu gintuen».

Jende aunitz bildu zen Arranon egindako ekitaldian.

Lesakako alkateak aipatu zuenez, «agintaldi hau aldaketaren agintaldia izan da. Guretzat hasieratik lehentasun bat izan da Lesakarrei hurbildu eta herritarren parte-hartzea bultzatzea, hau da, Udala herriari eta herritarrei irekitzea. Honen adibide izan dira auzo batzarrak, Sorginxulo, Lesaka biziberritzen eta Alondegiko parte hartze prozesuak, abeltzainekin egin diren lan saioak, sortu diren turismo edo komertzio mahaiak,… Herria denon artean egiten dugula garbi dugu. Denon artean Lesaka Gara».

Zentzu horretan, «agintaldiaren balantzea egin eta datozen urteetarako erronkak identifikatzeari ekin diogu. Horretarako parte-hartze prozesu bat ireki eta 50 lagun baino gehiagoren iritziak , kezkak eta proposamenak bildu ditugu. Prozesu hau irekia da eta oraindik ez dugu bukatu».

Hurrengo agintaldian lanean segitzeko «ilusioz eta gogotsu» eta «hasitako bideari jarraipena eman eta sakontzeko gogoz» dagoela aipatu zuen Lesakako gaur egungo alkateak eta horretarako, Lesakako EH Bilduren babesa baduela adierazi zuen.

Satrustegik eskerrak eman zizkien agintaldian lanean aritu diren norbanako eta kolektibo guztiei eta herritarrak entzute ariketa kolektiboan parte-hartzera gonbidatu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun