Milioi bat euroko aurrekontua onartu du Igantziko udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 9a, 20:00
Elizateko lanekin segitzeko eginen dituzte inbertsiorik handienak Igantzin.

Pasa den abenduaren 23an, urteko azken osoko bilkuran, gehiengo osoz, 2023rako 1.033.918,84 euroko aurrekontua onartu zuen Igantziko Udalak, azken hiru urteetako ildoari eutsiz. Diru horri, joan den urteko aurrekontutik gastatu ez ziren 138.908,58 euro gehituko zaizkio, Elizateko obra bukatzeko.

Hau inbertsioen atalean sartuko da eta Elizatean egitear gelditu denari gehituko zaio. 72.380,34 euroko diru-saila aurreikusi dute aurten, bertzeak bertze, taberna eta jatetxeak behar dituzten makinak erosi, eta altzariaz hornitzeko.

Inbertsioen arloan ere, mendiak txukun mantentzeko, azken urtetan egindako planarekin jarraituz 68.000 euro bideratuko dituzte.

Horrez gain, 92.500 euroko gastua aurreikusi dute abeltzaintzako azpiegituretarako (bideak moldatzeko), nahiz eta hori aldatu daitekeen lortzen den diru laguntzaren arabera.

Fraingo deposituaren uren bilketa hobetzeko 35.000 euro inbertituko dituzte. Simonbaitako kisu labea egokitzeko 2.000 euro bideratuko dituzte eta 20.500 euro erabiliko dira iazko uholdeen ondorioz suntsituta gelditu  zen Berrizaungo iturri zaharra konpontzeko.

Bide berdeak izandako kalteei erantzuteko, 128.600 euro inbertituko dituzte, bidea bera bermatuko duen harri-lubeta edo eskoilera bat eraikitzeko, bertzeak bertze.

Zerbitzu anitzetako bigarren langilea

Dena den, aurtengo aurrekontuaren lehen zeregina lehendik dauden zerbitzuak mantentzea eta hobetzea izanen da. Adibidez, laster zerbitzu anitzetako langile lanpostu finko bat aterako da, hainbat urtez pertsona bakar baten gain egon den zerbitzua sendotu eta hobetzeko.

Martxoaren 8tik Igantziko herriko etxean dagoen Bortzirietako Berdintasunerako Bulegoarentzat 6.802,04 euro bideratuko dituzte, Gizarte Zerbitzu Mankomunitateentzat 18.000 euro eta Euskara

Mankomunitateentzat, berriz, 22.500 euro. UEMAri 4.550 euroko ekarpena eginen zaio, Cederna Garalur elkarteari 3.600 eurokoa eta Uraren bailarak erakundeari 1.500 eurokoa.

Horrez gain, aurten Bortzirietan eta Malerrekan elikagaien dinamizaziorako ezarri den zerbitzu berrirako 900 euro bideratuko dituzte eta 4.000 euro eskolako jangelarentzat.

Kulturarekin zerikusia duten gaietarako, dela ekitaldiak antolatzeko, dela kultura-taldeentzat 9.050 euro gordeko dituzte.

Herriko bestak antolatzeko 22.000 euroko diru-saila geldituko da, eta Igerilekuak mantentzeko 24.000 eurokoa.

Ongintzako elkarte edo erakundeentzako gizarte-laguntzetarako 1.500 euro erabiliko dituzte.
Bukatzeko, udalak bankuekin duen zorra 20.300 eurotan murriztuko du.

Azaltzen dena urteko gastuaren laburpen txiki bat bertzerik ez da. Udal aurrekontuari buruzko informazio zehatzagoa hartu nahi duenak, aski du Igantziko udal bulegoetara jotzea eta bertan nahi duen informazio guztia emanen zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun