Zehazki, ordutegia honela geratuko da:
- Astelehenetan eta ortzegunetan: 12:00-19:00
- Asteartetan, asteazkenetan eta ortziraletan: 12:00-15:00
- Hileko azken larunbatean: 09:00-13:00
Astean bi arratsalde hauetan irekiz gero, mankomunitateko arduradunek uste dute goizez lan egiten duten eta orain arte hondakinak Garbigunera eramateko zailtasunak zituzten pertsonei sarbidea aunitz erraztuko zaiela.
Plastikoen, kristalen, ispiluen eta kafe-kapsulen bilketak
2022an zailak edo konplexuak izateagatik zabortegira eramaten ari ziren hondakinak birziklatzeko kudeatzaile berriekin akordioak egin dira. Akordio berri horiei esker, hondakin mota berriak bereizita uzteko edukiontziak prestatu dituzte: kafe-kapsulak, kristal laua, ispiluak eta plastikoak.
Kafe-kapsulak plastikozkoak edo metalezkoak izan daitezke, eta ez dira bereizi behar.
Kristalen eta ispiluen kasuan, garrantzitsua da osorik izatea, hautsi gabe ahal baldin bada.
Plastikoei dagokienez, edukiontzi horietan, berez utzi behar ez diren hainbat objektu biltzen dira orain, ontziak ez direnak: fruta-kutxak, hodiak, bidoiak, edukiontziak, garrafak, loreontziak, aulkiak, mahaiak, pertsianak, poliexpan kaxa handiak, etab.
Bigarren eskuko gauzekin azoka txikia
Bertzalde, gogorarazi dute bigarren eskuko gauzekin osatua den azoka txikia dagoela garbigunean, garbiguneko ordutegi berean, eta bertara hurbildu nahi dutenek nahi duten guztietan egiten ahal dutela. Azoka txiki hau Garbigunera egoera onean iristen diren objektuez hornitzen da, eta bildutako dirua Bortzirietako gizarte eta ingurumen ekintzetan berrinbertituko dela.
Hondakinak bereiztea
Bortzirietako Garbigunea beti zainduta egonik ere, eta arduradunek hondakinak sailkatu eta bereizten badituzte ere, Mankomunitateak eskatzen du hondakinak etxetik bereizita eramatea, ahal den neurrian. Horrela, Mankomunitateko langileen lana eta hondakin horien bereizketa eta birziklapena anitz errazten da.