Errege Kabalgata eginen dute ortzegunean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 3a, 10:00

Meltxor, Gaspar eta Baltasar bisitan izanen dira ortzegunean Beran. 15:30ean pajeak gutunak biltzen ibiliko dira, eta ondotik, 18:30ean hasiko da kabalgata. 

15:30ean erregeen pajeak herriko karriketan ibiliko dira haurren gutunak biltzen. Ondoko ibilbidea eginen dute: Agerra, Bidasoa karrika, Izpoz karrika, Burga plaza, San Esteban karrika, Herriko etxeko plaza, Legia karrika, Legia karrikatik Iturlandetara, Iturlandeta, Eztegara pasealekua, Kanttonberri karrika, Legia karrika, Altzateko Jaunaren plaza eta Illekueta karrika. 

Ondotik, 18:30ean hasiko da kabalgata suhiltzaileen parketik. Musikaz eta beren pajeez lagundurik, herri guztia gurutzatu eta Herriko Etxeko plazan bukatuko dute ibilbidea. Bertan, goxokiak banatu eta haurrekin solastatuko dira. 

Eguraldi txarra eginez gero, ez da kabalgatarik izanen eta ekitaldia Eztegara pilotalekuan izanen da 19:00etan. 

Boluntario bila

Berako Kultur Batzordeak jakinarazi duenez, kabalgatan soldadu gisa parte hartzeko boluntarioak falta dira. 12 urtetik goitiko herritarrek parte hartu dezakete, baita helduek ere. Kabalgata 18:30ean hasiko bada ere, parte hartzaileek 17:00etarako egon beharko dute suhiltzaileen parkean makillatzeko eta janzteko. Behin hasita, kabalgatak 45 minutuko iraupena izanen duela aurreikusi dute.

Izen emateko ondorengo galdetegi hau bete behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun