Bortzirietako Banakako Pilota Txapelketako finalak jokatu zituzten larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 2a, 18:00

Bortzirietako Banakako Pilota Txapelketako finalak jokatu zituzten Berako Eztegara pilotalekuan, larunbatean, abenduaren 31n. Hamar kategoriatako finalak jokatu zituzten

Txikien kategorian 16 tantotara jokatu zituzten partidak. Txikiak B mailan Lesakako Oihan Irurieta Izkierdok 16 eta 8 irabazi zion Etxalarko Juel Igoa Ansalasi.  Txikiak A mailan, aldiz,  Igantziko Ainara Hita Arangurenek 16 eta 8 irabazi zion Arantzako Aiert Baleztena Goñiri.

Umeak B kategorian, beratarren arteko finala izan zuten.  Oskitz Errandonea Legazkuek, 18 eta 16 irabazi zion Mikel Ugalde Villanuevari. Umeak A mailan ere Berara joan zen txapela. Beñat Goñi Errandoneak 18 eta 16 irabazi zion Eñaut Zubieta Gartziari. 

Kimuak B mailan Igantzira joan zen txapela.  Eneko Almandoz Urbistondok 18 eta 14 irabazi zuen Aratz Laka Mitxelenaren aurka. Kimuak A mailan, aldiz, final estua izan zuten. 18 eta 17 irabazi zuen Etxalarko Erik Igoa Ansalasek, Arantzako Ander Etxegarai Maizen kontra. 

Haurren mailan, Lapurdira joan zen txapela. Baionako Iraun Zeztau Telletxeak 18 eta 14 irabazi zion Berako Gorka Altzugureni. 

Gaztetxoetan Berako Loitzate Goñi Elortzak 18 eta 6 irabazi zion herri bereko Markel Korta Iratzokiri. 

Neska gaztetxoetan Sunbillara joan zen txapela. Nahia Bertiz Babazek 18 eta 6 irabazi zion Kattin Madariaga Apaolaza aranztarrari. Amaiur Martinez zen berez finala jokatzekoa, baina, azken orduan lesionatu eta finalaurrekoetan tanto gehien zituen pilotariak ordezkatu zuen, Kattin Madariagak. 

Gazteen mailakoa izan zen azken finala. Bertan lesakarren arteko finala jokatu zuten.  Oier Orbegozo Arzuaga 18 eta 6 nagusitu zen Beñat Etxabide Olazabalen kontra. 

Finalen ondotik sari banaketa egin zuten eta bertan izan ziren Miarritzeko munduko pilota txapelketan txapeldun izan zen Oihan Canabal igantziko pilotaria, eta Aitor Elexpuru Berako Alkatea. Horrekin batera zozketa ere egin zuten. Lehen saria Martikoko lotea eta Aspeko kamiseta izan zen, eta bigarren eta hirugarren sariak Martikoko loteak. Sariak han bertan atera ziren. 

Martiko izan da txapelketaren babesle nagusia eta antolatzaileek eskerrak eman zizkioten babesagatik. Horrez gain eskerrak eman zizkioten Berako eta Lesakako Udalei eta urte osoan Pilota eskola lagundu dutenei: Matxako Iturgintzari, Xuga ostatuari, Amaleun arrandegiari eta Asperi. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun