Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak bilera irekiak antolatu ditu herriz herri

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 29a, 11:00
Uztailean aurkeztu zuten Lesakan Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua.

Urte akabailara ailegatzen ari garen honetan, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua ere hasia da 2023rako asmoetan pentsatzen. Hain zuzen ere, apirileko bigarren hamabortzaldirako egitarau zabal bat antolatu nahi dute, euskararen inguruko ekintzekin: Bor-borraldia.

 
Egitarau hori prestatzeko, beharrezkoa izanen dute bortz herrietako euskaltzaleen laguntza, eta, horregatik, dei egin diete urtarrileko lehenbiziko hamabortzaldirako antolatu dituzten bileretan parte har dezaten. Bilera horietan, Bor-borraldirako proposamenak aurkeztuko dituzte, eta bi helburu nagusi izanen dira: parte hartzaileen ideiak, iritziak eta ekarpenak biltzea proposamen horren inguruan, eta lanerako taldeak osatzea.
 
Hementxe daude bileren inguruko xehetasunak, herriz herri:
 
  • Arantza: urtarrilaren 12an, 18:00etan, Baskulan.
  • Bera: urtarrilaren 3an, 19:00etan, Beralandetan.
  • Etxalar: urtarrilaren 2an,19:00etan, kultur etxean.
  • Igantzi: urtarrilaren 13an, 16:30ean, Baratzondon.
  • Lesaka: urtarrilaren 4an, 19:00etan, kultur etxean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun