Olentzero eta jaiotzen lehiaketak eginen dituzte bihar Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 23a, 12:00
Kategoria nagusiko olentzero irabazleak 600 euroko saria izanen du eta arratsaldean musika bandarekin ateratzeko eskubidea.

Bi urteren ondotik eginen dute abenduaren 24ko eguerdian plazan

1945. urtean antolatu zen lehen aldiz Olentzero lehiaketa Lesakan. 2020an, beraz, 75. urteurrena betetzekoa zuen lehiaketak, baina ez zen egiterik izan. Ezta, hasieran baiezkoan izan ziren arren, joan den urtean ere. Aurten, ordea, Olentzero eta Jaiotza lehiaketa antolatu ditu berriz ere udalak. Larunbatean, abenduak 24, 12:00etan izanen da Lesakako Plaza Zaharrean.

Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere ohikoak eta adinaren araberakoak izanen dira (erraterako, 600 euro maila nagusiko irabazlearentzat), baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitaez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. Epaimahaia, herriko bederatzi pertsonez osatua egonen da. Olentzeroa edo Jaiotza, kanta eta janzkera baloratuko dituzte. Epaimahaia kioskoan egonen da eta honen espazioa errespetatu beharko da beraien eginbeharra oztopatu gabe.

Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.

Arratsaldean kategoria nagusiko talde irabazleak musika bandarekin egin ohi duen kalejira ere bueltatuko da aurten, 18:00etan hasita. Olentzeroak xehatuz gero biltzeak suposatzen duen kostua Olentzero talde horrek ordaindu beharko duela ere jakinarazi du udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun