Arantzan ere Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria eginen diote larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 22a, 13:00
Joan den urtean berreskuratu zuten olentzero erretzeko ohitura Arantzan.

Gaur Mari Domingik Arantzako eskolara bisita eginen du eta larunbatean, arratsalde-ilunabar aldera, ailegatuko dira Olentzero eta Mari Domingiri Arantzara. Horren aitzinetik, olentzeroak bizkarrean herrian barna kantari ibiliko dira.

Mitxelenatarren doinuak lagun, larunbat arratsaldean 16:00etan aparkalekutik abiatuko dira aranztarrak. Olentzeroak bizkarrean, herrian barna kalejira eginen dute Eguberrietako kantak kantari eta 17:30 aldera plazara ailegatuko dira, Mari Domingiri eta Olentzerori ongietorria egiteko. Herritarrek kantak eta dantzak eginen dizkiete eta ondotik, olentzero bat erreta inguruan dantzan ibiliko dira. Aspaldiko ohitura da hori Arantzan, eta joan den urtean berreskuratu zuen guraso elkarteak. Azken honek merienda ere banatuko du bildutakoen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun