Saioa BALEZTENA

«Bizitakoa bistaratzea da indarkeria obstetrikoa bukatzeko lehen pausoa»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 24a, 08:00
Beratarra da Saioa Baleztena Rudi, baina duela hamabi urte utzi zuen sorterria. Gaur egun Madril du bizileku. Argazkia: David F. Sabadell.

Saioa BALEZTENA RUDI, kazetaria eta indarkeria obstetrikoan aholkularia

Kazetari lanaren prekaritateaz, amatasunaz, feminismoaz, indarkeria obstetrikoaz... Beretzat hain hurbilekoak diren hainbat gai ekarri ditu erdigunera beratarrak.

Bera izaten da normalean galderak egiten dituena, elkarrizketatuari ahotsa ematen diona, baina aldi honetan bertze aldean egotea tokatu zaio Saioa Baleztena Rudiri (Bera, 1989). Kazetaria da eta Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat hedabidetarako idazten du. Horrez gain, indarkeria obstetrikoaren kontrako aholkularia da, baita ama eta feminista ere. «Ipurtarina» dela dio eta horregatik ibiltzen omen da «beti hamaika saltsatan». Azaldu duenez, «feminismoak eta politikak zeharkatzen du egiten dudan guztia eta azken aldian, amatasun duinaren alde lanean ari naiz». Badu zer kontatua eta amatasunaz, feminismoaz, indarkeria obstetrikoaz, kazetaritzaren prekaritateaz... aritu da, sentitu duenaz, eta ikusi eta ikasi duenaz. Fin eta argi. 

Zergatik kazetari? 

Lanak aurkitu nauelako. Ez nuen kazetari izan nahi, baina bizitzak kazetaritzara bideratu ninduen. Betitik pentsatu izan dut kazetaritza gizarte eraldaketarako lanabesa dela, baina zigortua dago eta zaila da kazetaritza fina egitea baliabiderik gabe. Komunikazioa maite dut, bere adar guztietan, eta ikerketaren alorrean ikusten nuen neure burua. Baina praktikak Noticias de Gipuzkoan egin nituen, Gaztezulon lanean hasi nintzen gero, eta Kataluniara ailegatu nintzen bertako testuinguru politikoak eztanda egin zuenean. Aukera suertatu zitzaidan hedabideekin kolaboratzen hasteko eta hamarkada bat beranduago hemen nabil, hain prekarizatuta dagoen ogibide hau maitatzen eta gorrotatzen. 

Politikaz, feminismoaz eta amatasunaz aunitzetan idatzi duzu... 

Prozesu nahiko naturala izan da. Katalunian masterra egiten ari nintzela, testuinguru politikoaren inguruan kolaboratzen hasi nintzen Berrian, Hamaika Telebistan eta Argian. Politikan horregatik murgildu nintzen. Feminismoak betitik zeharkatu du pertsonalki zein profesionalki egin dudan guztia eta azkenik, 2019an ama izan nintzenean garbi ikusi nuen hutsune ikaragarria zegoela amatasunarekin zerikusia duen guztiarekin, baita ez amatasunarekin ere. 

Argazkia: David F. Sabadell.

Kazetaritza prekaritatera zigortua dagoela uste duzu? 

Ez da uste dudala, bistakoa da. Ikasketak bukatu nituenean musu truk lan egin behar izan nuen hainbat hedabidetan. Aukera bakarra zen erakusleiho bat izan nahi banuen. Eta gerora, testuingurua ez da gehiegi hobetu. Hedabide gehienek tarifa hagitz baxuak dituzte eta horietako aunitzekin kolaboratzeari utzi behar izan diot baldintza horiekin ezinezkoa baita bizirautea. Ikaragarri gogorra da, eta okerrena da gure lana ezinbertzekoa dela. Baina nola aldarrikatuko diogu kazetari bati zuzentasuna, bere lana duintasunik gabeko baldintzetan egiten ari bada?

Noizbait pentsatu duzu ogibidez aldatzea? 

Aunitzetan, eta ez hori bakarrik. Kazetaritza lanarekin ezin izan naiz sekula bizitu. Azken urteotan, komunikazioarekin lotutako bertze lanekin bateratu dut. Hamarkada bat pasatu da ikasketak bukatu nituenetik eta prekaritatearen gurpilean segitzen dut. Ogibidearen osasunak kezkatu eta tristatzen nau. Kazetari duinak eta zorrotzak izateko zailtasunak bertzerik ez ditugu eta era berean, gizarteak sekula baino gehiago behar du kazetaritza. Ogibide honetan, emakume eta ama izatea bateraezina da, gainera. 

Kazetaria eta ama bazara, «arrisku haundiko kirolaria» zure ustez... 

Amatasuna isilarazia izan da hamarkada gehiegitan, eta sistema patriarkal eta kapitalista honetan amatasun duinak ez du tokirik. Erditu ondotik, sistemak gu ahalik eta agudoen produzitzen hastea nahi du, deus gertatu ez balitz bezala. Horretarako, familia aunitz haurren artapenak azpikontratatzera bultzatzen ditu sistemak. Lana egin behar dugu amak izanen ez bagina bezala eta amatasuna bizitu behar dugu etxetik kanpo lan eginen ez bagenu bezala... Hori ez bada arrisku haundiko kirola... 

Amatasunak nola eragin du zure ibilbide profesionalean? 

Bizitza hankaz goiti paratu didaten bi seme ditut: Eki eta Pau. Amatasuna eraldaketa motorra izan da zentzu guztietan niretzat, pertsonalki zein profesionalki. Gerora ikusi dut emakume aunitzi amatasunak ibilbide profesionalean eragin diela; kasu aunitzetan, hainbat ogibideren lan baldintzak bateraezinak direlako amatasunarekin. Nire kasuan, hori baino gehiago izan da zanpatutako eskubideen alde borrokatzeko beharra sentitu dudala. Horretan ibilki naiz buru-belarri...

Zure hitzak dira: «Neurriz kanpoko babesa dugu haurdunaldian, eta gure funtzioa bete ondotik, hau da, haurra mundura ekarri ondotik, bakarrik uzten gaituzte». Nola ikusten duzu gizartean amatasuna? 

Ahantzia. Zorionez, gero eta gehiago solastatzen da amatasun duinaren aldarriaz, baina oraindik ere estigmaz beterik dago. Garai batean feminismoaren bertze hainbat aldarritan gertatzen zen bezala, histerikotzat hartzen gaituzte amatasun duinaren aktibismoa egiten dugunean. Eskubideak zanpatzen dira behin eta berriz eta normalizatu egin dugu.

Zuk egiazko amatasuna armairutik atera nahi duzu... 

Ni, bertzerik gabe, norabide horretan ari diren hainbat erreferenteren ibilbidera bildu naiz. Izendatzen ez duguna ez baita existitzen, eta horregatik garrantzitsua da isilarazi dena mahai gainean paratzea.

Feminismoa eta amatasuna. Zer diozu gaiaz? 

Amatasuna gai korapilatsua izan da historikoki feminismoarentzat. Mugimendu feministaren adar batek amatasuna patriarkatuaren inposizio gisa ulertzen du, eta agindu patriarkala desagerrarazteko amatasuna errefusatzea proposatzen du. Ikuspuntu horrek mugimendutik kanpo uzten ditu amatasun feministak, eta nire ustez, premiazkoa da mugimendu feministaren agendak amatasun duinen aldarrikapena barneratzea, behingoz. 

Zein dira amatasunaren erronkak? 

Erronkak amatasunarenak baino gehiago sistemarenak dira. Hasteko, amatasun duina bermatzeko, baliabideak behar dira; haurdunaldi amaieran gelditzeko beharra duten emakumeentzako baja edota jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazio ekonomikoaren iraupena, guttienez, urte batera luzatzea, adibidez. Ospatzekoa da aitak edo erditu ez duen amak hamasei astetako baimena izatea, baina kezkagarria iruditzen zait aurrerapauso hori eman izana erditu denaren baimena 33 urtez izoztua mantendu dutenean. Erditzen duenak prozesu fisiko eta emozional sakona bizitzen du haurdunaldian eta erditzean, eta hamasei asteren ondotik, maiz ez gaude prest ordaindutako lanera bueltatzeko. Are guttiago erditze traumatikoak ditugunean... 

Argazkia: David F. Sabadell.

Indarkeria obstetrikoaren biktima zara. Nola esplikatuko zenuke? 

Indarkeria obstetrikoa emakumeok eta haurdun dauden pertsonek haurdunaldian, erditzean edo erdiondoan osasun langileen eskutik sufritzen dugun erasoa da. Esther Vivasek erraten duen bezala, indarkeria matxistaren azken maila da, zaurgarrien gauden momentuan gertatzen baita. 

Zure kasuan zer gertatu zen? 

Zaila egiten zait hain lerro guttitan azaltzea. Argian idatzi nuen, sakonago. Baina, laburbilduz, nire lehen erditzean eskubide aunitz urratu zizkidaten. Gehiegizko esku hartzea egin zuten erabat fisiologikoa izan zitekeen erditzean, baimenik gabeko ukitzeak eta Hamilton maniobrak inposatu zizkidaten, eta aurreikustekoa zen bezala, semeak infekzio bat hartu zuen eta urgentziazko zesarea bat egin behar izan zidaten. Amets gaiztoa bukatzear zegoela, kirofanora ez zidaten nire bikotekidearekin sartzen utzi, antsietate krisi batekin ireki zuten nire sabela, haurra atera, eta berriz ere, bakarrik utzi ninduten. Bera hartzeko aukerarik gabe. Bere lehendabiziko hamar egunak Zainketa Intentsiboetako Unitatean pasatu behar izan genituen, gehiegi medikalizatu zutelako gure erditzea. 

Nola sentitu zinen? 

Bortxatua. Nire erditze plana nuen arren, justifikaziorik gabe inposatu zizkidaten erabaki guztiak, eta konturatu orduko, erditzearen kontrola galdu nuen. Subjektu izatetik urruti, objektu bilakatu ninduten, eta zauri fisiko eta emozional sakona eragin zidaten. 

Azalduko zenuke? 

Prozesu bat izan zen. Hasteko, indarkeria jasan nuela onartzeko lana egin behar izan nuen. Eta pauso hori ezinbertzekoa izan nuen laguntza eskatzen hasteko. Ez zen erraza izan, inguruko jendeak, maiz, garrantzia kendu nahi diolako gure minari eta bizitakoa zalantzan jartzen duelako. Baina nik argi nuen erditze gela eta kirofano hartan eskubideak urratu zizkidatela. Gerora, erditze traumatikoa amatasuna niretzat izan den eraldaketa motor horren lehenbiziko pausoa izan zela pentsatu izan dut. 

Gogorra egiten zaizu kontatzea? 

Hiru urte pasatu diren arren, zauriak zornatu egiten du oraindik. Gainera, beldurraren kultura inposatzen digu gizarteak. Are gehiago emakumeoi. Salaketa hasieran niretzat idatzi nuen, idazketa prozesua terapeutikoa ere bada niretzat. Baina idazteko lan haundia egin nuen; historia klinikoa eskatu, indarkeria obstetrikoan adituak ziren emagin eta abokatuekin konpartitu, informazioa bilatu... Orduan konturatu nintzen salaketa hori izan zitekeela erantzukizun publikoak aldarrikatzeko bozgorailua. Eta kontuan hartuta indarkeria obstetrikoa sufritzen dugun gehienok ez dugula izaten nik kazetari gisa dudan erakusleihoa, argi nuen publikatu behar nuela. Bizitzan hartu dudan erabakirik garrantzitsuenetakoa izan zen. 

Indarkeria obstetrikoa salatzeagatik gaizki sentiarazi zaituzte? 

Bai, inkontzienteki, seguruenik, baina bai. Gizarte honetan medikuek eta apaizek botere gehiegi dute oraindik. Horregatik da hain zaila medikuntzan dagoen genero joera baztertzea. Maite dudan jende aunitzek zalantzan jarri zuen nire salaketa, eta horrek min haundia egiten du. Zorionez, denborarekin egiaztatu dut garrantzitsua dela salatzea. Bizitakoa bistaratzea da indarkeria obstetrikoa bukatzeko lehenbiziko pausoa. Nire artikulua publikatu orduko, erditu nuen Sant Pau ospitaleko arduradun nagusia nirekin harremanetan jarri zen eta bilera bat eskatu zidan, barkamena eskatzeko. Historia klinikoa errepasatu eta egiaztatu zuen nire erditzean indarkeria obstetrikoa egon zela.  

Eta zer egin dezake indarkeria obstetrikoa jasan duenak? 

Bakoitzak bere beharrak izanen ditu seguruenik. Baina niretzako ezinbertzeko hiru pauso daude. Lehendabizikoa, bizitutakoari hitzak paratzea eta azaltzea, beldurrik gabe. Eta gero, laguntza eskatzea, psikologikoa eta legala. Ospitaleetan kexak paratzea ezinbertzekoa da, horiei esker gauzak alda daitezkeelako, emakume gehiagok ez dezan sufritu guk pasatutakoa.  

Epaitegietara jo zenuen? 

Ez nuen salatu, ez bainintzen gai izan. Gaur egun pasako balitzait, ez nuke zalantzarik izanen, epaitegietara joko nuke zuzenean. Dagoeneko ez dut aukerarik, epe jakin batzuk baitaude eta nik aspaldi galdu nuen aukera. Arazoa da informazioa falta zaigula gure eskubideen inguruan, eta horregatik, urriaz geroztik, zerbitzu bat dut martxan indarkeria obstetrikoa sufritu duten emakumeei zuzendua: artapen integrala psikologo perinatal eta abokatu baten eskutik, ditugun aukera guztiak zehatz jakiteko. 

Indarkeria obstetrikoaz nahikoa solas egiten dugu?

Zorionez, indarkeria obstetrikoa aspalditik dago agenda mediatikoan, urte aunitzetan erditze errespetatuaren alde borrokatu duten elkarteen lanari esker, orain baita nazioarteko erakundeen salaketagatik ere. Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Osasun Erakundeak aspalditik salatua dute indarkeria obstetrikoa gurean. Hala ere, bide luzea dago egiteko, interes gehiegi daude oraindik, eta inpunitateak eta negazionismoak bere horretan segitzen dute.  

Zerbait gaineratuko zenuke?

Eskakizun bat egin nahi diet irakurleei. Inguruan erditu den inor badute, eta hark indarkeria sufritu duela aitortzen badie, faborez, aukera eman diezaiotela bizipen horri hitzak paratzeko. Ez gaude ohituta minaz solas egitera, eta estimatzen ditugun lagunek eta familiak aunitzetan uste dute laguntzeko modurik hoberena garrantzia kentzea dela. Baina ihesaldi horrek zauria gehiago irekitzen du. Aditu eta eskaini laguntza, bertzerik gabe. 

Mexiko, Bartzelona, Madril...

Duela hamabi urte utzi zuen sorterria, Donostian komunikazio ikasketak egin eta 2011n Bartzelonara Gizarte Komunikazioen Ikasketa Aurreratuetan masterra egitera joan zenean. Egonaldia, ordea, gehiago luzatu zuen. Urte aunitzez Bartzelona izan du bizileku eta egun Madrilen bizi da. Sorterria uztea «zentzu guztietan aldaketa haundia» izan zela dio, baina zorteko da; «han eta hemen nire tokia aurkitzeko gai izan naiz». 

Ez ditu ahantziak haurtzaroko oroitzapenak, «zorioneko eta zoriontsu» izan zen garai hura. «Berako herriaren ondareetako bat da herriko bizitza kulturala eta nire haurtzaroan arrastoa utzi zuen: txistua eta biolina ikasi nituen, bertsotan ibili nintzen, margotzen, antzerki eta dantza taldeetan eta herri kiroletan». Dena den, «argi» zuen «emakume eta profesional gisa garatu ahal izateko funtsezkoa zitzaidala Beratik kanpo bizitzea. Herri ttikia da, eta, nire izaeragatik seguruenik, herritik ateratzeko beharra sentitu nuen beti, bertze testuinguruetan bizitzeak eman didan aniztasuna eta aberastasuna xurgatzeko. Orain, gauza gutti dira familiarekin herrira itzultzeak baino zoriontsuago egiten nautenak».

Bada bere ibilbidean arrastoa  utzi duen egonaldi bat ere: 2010ean, 21 urterekin, Mexikon egindakoa; «etxetik eta herritik atera nintzen lehenbiziko aldia izan zen». Inflexio puntua izan zen bere bizitzan: «Nire kabuz eta gurasoen etxetik kanpo pasatu nuen boladarik luzeena izan zen. Esperientzia ikaragarria izan zen, eta etxetik kanpo bizitzeko gai nintzela ikusi nuen. Monterrey hirian bizitu nuenak benetako bizitzara hurbildu ninduen, eta horri esker ezagutu nituen nire lehentasunak». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun