Beti Gazteko IX. Ipuin lehiaketako sariak banatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 21a, 09:00

Astearte arratsaldean elkartearen egoitzan egindako ekitaldia Peio Añorga ipuin kontalariak girotu zuen

Lesakako Beti Gazte elkarteak antolatutako IX. ipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten abenduaren 20an, astearte arratsaldean elkartearen egoitzan. Denera 102 ipuin aurkeztu dituzte aurten Lesakako neska-mutikoek lau kategoriatan eta zortzi lan saritu zituen Amaia Telletxeak, Jesus Mari Zapirainek, Xabier Ariztegik eta Ainara Otxotekok osatutako epaimahaiak. Sariak eman aitzinetik, Peio Añorga ipuin kontalariak istorio ederrak kontatu zituen, haurren eta gurasoen gozamenerako.

Beti Gaztek Irain eskola publikoa eta Tantirumairu ikastola eskertu nahi izan zituen lehiaketa egin ahal izateko emandako laguntzagatik eta oroigarri bana hartu zuten Edurne Aranburuk eta Maria Azpirozek, bi ikastetxeetako ordezkariek.

Sariak

  • A kategorian (3.maila), Kattalin Mindegia Aranbururen Ipotxak Eguberrietan ipuinak lortu zuen lehen saria eta Hegoi Zelaieta Urrizaren Olentzeroren istripua ipuinak bigarrena.
  • B kategorian (4.maila), lehen saria Ainhoa Goienetxe Zubietaren Lauraren Gabona ipuinak eskuratu zuen eta bigarrena Xiana Azkarraga Zubiriren Enara, Naroa eta Eguberria ipuinak.
  • C kategorian (5.maila) lehen saria Elaia Mindegia Aranbururen Eguberrietako salbatzaileak ipuinarentzat izan zen eta bigarrena Eneritz Etxepare Seinen Errege magoen bila ipuinarentzat.
  • D kategorian (6.maila), azkenik,  Ioritz Iriarte Azpirozen Ibai eta Olentzeroren bidaia ipuinak erdietsi zuen lehen saria eta Eneko Urrosolo Elgorriagaren Olentzero arratseko lapurrak ipuinak bigarrena.

Aipatutako sarituez gain, liburu batzuk zozketatu zituzten parte hartzaile guztien artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun