Pribatizazioaren aurpegiak salatu dituzte pentsiodunek gaur Beran egin duten elkarretaratzean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 19a, 16:30
Gaur eguerdian pentsiodunek Beran egin duten agerraldia. Argazkia: Julen Mitxeltorena.

Baztan-Bidasoko Pentsiodunek deituta, 29 lagun elkartu dira gaur eguerdian Beran egin duten hitzorduan. Pribatizazioaren aurpegiak izan dituzte hizpide: «zerbitzuen eta bertze arlo publikoen pribatizazio inertziak eta bizioak nabarmenak dira». Horrekin batera, «zaintza eta zerbitzu duinak eta publikoak bermatuko dituzten administrazio zintzoak» aldarrikatu dituzte.

Alde batetik, pentsioen egokitzapenek izan duten «ibilbide luzea» oroitarazi dute. «2011ko erreformetan ikusten da lehen murrizketa. 2013ko bertze erreforma baten bidez segitu zuen birformulazioak, beti ere, murrizketekin segituz». Nabarmendu dutenez, «pentsiodunen mugimenduak asteleheneroko mobilizazioak hasiz geroztik –Baztan-Bidasoaldean hilabetero biltzen dira–, politikarien agendan dago gaia, eta murrizketen joerak frenatzea lortu da, nahiz eta oraindik egonkortzeko dezente falta den». Heldu den urterako pentsioetan % 8,5ko egokitzapena iragarria dute, eta Baztan-Bidasoko pentsiodunek onartu dute «ez dela igoera makala, baina aitzineko murrizketak ez dituela osatzen. Oraindik bizitzaren garestitzetik poliki apalagoa izanen da igoera».

Bertze hainbat kontu ere izan dituzte hizpide Berako agerraldian. Bertzeak bertze, Bizkaian adinekoen egoitzetan greba egunak eta itxialdiak dituztela, Nafarroako adinekoen egoitzetako lan hitzarmena dela eta bertze hiru egunez grebak eta mobilizazioak egin dituztela... erran dute.

Hezkuntzari lotuta «EAEn hezkuntza lege proiektua dela eta sortu den kalapita» aipatu dute: «Administrazioko buruak ez dutela ulertzen diote, baina gakoa hagitz garbia da; lege berriak nazio eta publiko ikuspegiak bermatu behar du. Hori ikusi nahi ez duenak garbi dago bertze zerbait tapatu nahi duela, hau da, zerbait aldatu, denak berdin segi dezan». Gaineratu dutenez, «kalapita horrek argi erakusten du Nafarroan ere aldaketa sakonak egin behar direla hezkuntza herritarren zerbitzura egon dadin».

Osasungintzari lotuta, Donostialdeko gatazkak ekarri dituzte gogora, baita «Bidasoa ospitalean, Basurton eta bertze hainbat osasun etxeetan» daudenak ere. «Nafarroako osasun etxeetan dauden ageriko gabeziak» ere salatu dituzte, eta «arlo guztietan zerbitzu duinak eta publikoak» eskatu dituzte.

Lan mahaia

Nafarroan lan mahai bat lortu dutela ere jakinarazi dute, «Nafarroako Parlamentuko ordezkaritzaren eta pentsiodunen elkarteen artean. Gizarte gaietako batzordearekin lan saio bat eginen da, Nafarroako pentsioen zenbatekoa hobetzeaz solas egiteko. Hor planteatuko da zenbat osatu guttiengo pentsioak, beti ere, 1.080 eurora arteko helburuarekin».

Azkenik, mobilizatzearen garrantzia azpimarratu dute, «mobilizatzea ezinbertzekoa» dela erranez. Baina ez dela nahikoa argitu dute: «Instituzioak herritarren beharren alde paratu behar ditugu. Gaur egungo instituzio autonomikoak biziatuta daude, pribatizazio joerak hartzen dituzte, ate birakariak gustuko dituzte, herritarrak kale gorrian gelditzea ez zaie axola». Horregatik «zaintza eta zerbitzu duinak eta publikoak bermatuko dituzten administrazio zintzoak» aldarrikatu dituzte: «egin dezagun lana bide horretan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun