Joseba Lasa lesakarra txapeldunorde izan da paleta egokituko Espainiako txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 19a, 16:00
Joseba Lasa lesakarra eta Lekunberriko Edorta de Anta txapeldunorde izan ziren aulki gurpilduneko paleta txapelketan.

Aulki gurpilduneko finala galdu zuen igande eguerdian Labriten

Joan den urteko lehen edizioaren bidetik, pilota egokituko Espainiako bigarren txapelketaren finalak jokatu dituzte abenduaren 18an, igande eguerdian Iruñeko Labrit pilotalekuan. Urritasun fisikoa duten pilotariek aulki gurpildunean jokatu duten paleta txapelketaren finalean aritu zen Joseba Lasa lesakarra. Lekunberriko Edorta De Antarekin aritu zen eta final estu batean, galdu egin zuten Meñakako Gaizka Fernandez eta Oiartzungo Beñat Lizasoren kontra.

Lehia estua izan zuten aulki gurpilduneko finalean. Lehen set estua 10-9 irabaztea lortu zuten Lasak eta De Antak. Bigarren setean, aldiz, Fernandez eta Lizaso gailendu ziren (4-10) eta hirugarren joko erabakigarrian ere, 5-1 irabazi dute Meñakakoak eta Oiartzungoak. Beraz, txapeldunorde izan dira Lasa eta De Anta.

Adimen urritasuna duten pilotarien paleta egokitutako txapelketaren finalean, berriz, Zumaiako Leire Esnalek eta Mutrikuko Eneko Sagarmendik 25-10 irabazi zieten Zarauzko Mikel Vega eta Joseba Altunari.

Bi txapelketetako finalistak, antolatzaile, epaile eta laguntzaileekin batera, sari banaketaren ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun