Keinu Leihoak antzerki zikloko azken emanaldia izanen dute larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 07:00
Metrokoadroka antzerki taldeak 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' antzezlana taularatuko du larunbatean Harriondoan.

Metrokoadroka antzerki taldeak Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana taularatuko du 19:00etan Harriondoan

Mairu Antzerki tailerrak Lesakako udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz antolatutako Keinu Leihoak Antzerki zikloaren hemezortzigarren edizioa asteotan egiten ari dira Lesakan. Hiru emanaldi egin dituzte dagoeneko, tartean, Mairu antzerki tailerraren Intxaurra joan den larunbatean eta larunbat honetan, 19:00etan izanen da zikloko azken emanaldia.

Metrokoadroka antzerki taldeak Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana eskainiko du Harriondoa kultur etxean. Sarrera 6 euro kostako da eta dagoeneko eskura daiteke udalaren webgunean edo egunean berean Harriondoan.

Sinopsia

Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: “Gu familia bat gara?”. Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana. Familiaren ideiatik tiraka sitcoma eta poesia bisualaren arteko antzezlana osatu du Metrokoadroka kolektiboak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun