Zuzendaritza berritzeko batzar orokorra eginen du Berako Gure Txokoa elkarteak larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 14a, 08:00

Gure Txokoa Elkarteak zuzendaritza aldatzeko batzar orokorra deitu du larunbaterako, abenduaren 17rako. Bilera Iamotenean izanen da, 19:00etan. Azaroaren 12an egin zuten zuzendaritza aldatzeko lehen bilera, baina,  ez zen zuzendaritzan sartzeko ez norbanako ez talderik aurkeztu, eta horren ondorioz eginen dute larunbatean bigarren saiakera.

Egungo zuzendaritzako bi kide prest agertu dira bertze urtebetez segitzeko, eta zuzendaritzan sartuko diren bazkide berrien lehen urtean kudeaketarekin laguntzeko. Guttienez lau lagun behar dira zuzendaritzan sartzeko, hala ezarria baitago elkartearen oinarrietan. Hala ere, lau lagun baino gehiagok ere har dezakete elkartea kudeatzeko ardura. Interesa duen norbanakoa bakarrik aurkez daiteke talderik gabe ere, eta egoera berean dauden bertze batzuekin osa daiteke taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun