813 metroko bizikleta bide zati berri batek Lesaka eta Bidasoko Bide Berdea modu seguruan lotzea ahalbidetuko du

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 12a, 13:00

Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Berta Miranda, Garraioa eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendari nagusia, Tomasenekobordako biribilgunean.

750.000 euroko inbertsioa izanen du, eta herrigunea eta orain Tomaseneko bordara bitarte ailegatzen den bizikletendako ibilbidea lotuko ditu

813 metroko bizikletarako bide zati berri batek Lesaka eta Bidasoko Bide Berdea modu seguruan lotzea ahalbidetuko du. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 400.000 euro bideratuko ditu jarduketarako. Horri esker, txirrindularien segurtasuna hobetuko da, herrigunea eta Otsango industrialdetik abiatzen den bizikletendako ibilbidea modu seguruan lotuz. Gainerako inbertsioa, 754.827,10 euro osatu arte, Lesakako udalaren kontura izanen da.

Gogoratu behar da, lehenengo fasean, bizikleta-errei bat egin zela Bidasoko bide berdea Otsango industrialdearekin lotzeko, Tomaseneko bordako biribilgunera bitarte. Hori dela eta, herrigunera bizikletaz ailegatzeko, NA-4000 errepidearen bazterbidetik joan behar da, eta horrek arriskuan jar dezake txirrindularien segurtasuna. Bigarren fase honen helburua da Lesakako Osasun Zentroaren inguruko lotura gauzatu arte dagoen bizikleta-bidea osatzea.

Lau zati izanen ditu bide berri honek. Tomaseneko bordatik segida emanen zaio bideari errepidearen ezkerreko aldetik, Beheko Errota ingurura arte. Han, errepide azpitik pasabidea eginen da eta Zambrako eraikina inguratuz, Landazelaiko bidea hartuko du, osasun zentrora arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun