Bortzirietako gaztik taldeak irabazi du Bortzirietako 23. Taldekako bertso txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 12a, 10:00

Josu Txoperena, Ekhine Zapiain eta Kotto Saria ere irabazi zuen Kattin Madariaga suertatu dira garaile

Bortzirietako gaztik taldeak irabazi zuen larunbatean Bortzirietako bertso eskolak antolatutako 23. Taldekako txapelketa. Josu Txoperenak, Ekhine Zapiainek eta Kattin Madariagak osaturiko hirukoteak, Baztan taldea menperatu zuen finalean. Alazne Untxalok, Amaia Elizagoienek eta Malen Altzuartek osatu zuten txapeldun-orde izan zen taldea. Bertzalde, Kattin Madariagarentzat izan zen, lehiaketan nabarmenduriko bertsolariari ematen zaion Kotto saria.

Hemezortzi bertsolarik hartu zuten parte larunbatean Beran hasi eta Lesakan bukatu zen Bortzirietako bertso eskolaren 23. taldekako lehiaketan.

Eguerdian hasi eta sei hirukotetan banaturik, Berako Kataku ostatuan jokatu ziren lehen kanporaketak. Bertan hiru kanporaketa jokatu ziren eta irabazleek, final-erdietan aritzeko txartela eskuratu zuten. Bortzirietako Beteranuk, Baztan eta Bortzirietako gaztik taldeak izan ziren zuzenean final-erdietara sailkatu zirenak. Final-aurreko laugarren taldea, lehen fasean kanporatu eta errepeska saio batean parte hartzea animatu ziren sei bertsolarien artean egin eta bertan Soberakinak izena hartu zuen talde berri bat sortu zen. Egoitz Gorosterrazuk, Jon Luzuriagak eta Aitor Errazkinek osatu zuten Soberakinak taldea.

Behin Katakuko lanak akituta, Lesakan jokatu ziren finalistak erabakitzeko final-erdiak. Zialdo ostatuan jokatu zen lehen final-erdia. Alazne Untxalok, Amaia Elizagoienek eta Malen Altzuartek osaturiko Baztan taldeak, Eneko Fernandezek, Julen Zelaietak eta Patxi Castillok osaturiko Bortzirietako beteranuk taldea menpean hartu eta finalera sailkatzea lortu zuen.

Antoiu Ostatuan jokatu zen bigarren final-erdian, berriz, Ekhine Zapiainek, Josu Txoperenak eta Kattin Madariagak osaturiko Bortzirietako Gaztik taldeak, Egoitz Gorosterrazuk, Jon Luzuriagak eta Aitor Errazkinek osaturiko Soberakinak taldea kanporatu zuen.

Behin finalistak erabakita, Arrano Elkartean afaria izan zen. 80 lagun elkartu ziren bertan, giro ederrean afaltzera. Afal ondotik finala jokatu zen.

Bertan, Ainhoa Larretxea eta Ziortza Goia gai-emaile zituztela, Bortzirietako gaztik eta Baztan taldeak aritu ziren nor baino nor gehiago.

Txapelketa guztian egin bezala, Saioa Mitxelena eta Bortzirietako bertsolari gaztetxoak aritu ziren finalean bertsolarien lana epaitzen. Zortziko haundian, zortziko ttikian, koplaka, pertsonaia asmatzen, puntuak erantzuten, 4 eta 8 oinekin bertsoa osatzen eta ganbaran kantu bati bi bertso kantatu ondotik, epaileek batuketak egin eta Bortzirietako gaztik taldearentzat izan zen garaipena.

 

Kotto saria Kattin Madariagarentzat

“Kotto” saria berriz Kattin Madariaga aranztarrarentzat izan zen. Bere bigarren parte hartzea zuen Madariagak eta iaz bezala, aurten ere finalera sailkatzea lortu zuen. Iaz ez bezala ordea, aurten txapeldun izan da Ekhine Zapiain eta Josu Txoperena lagun zituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun