Pio Barojaren omenezko bi ekitaldi antolatu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 9a, 17:00

150 urte beteko dira abenduaren 28an Pio Baroja jaio zela.

Pio Baroja idazlea jaio zela, 150 urte beteko dira abenduaren 28an, eta hori omentzeko bi ekitaldi antolatu ditu Berako Udalak: liburu baten aurkezpena, eta Pio Barojaren interpretazio artistikoa.

Abenduaren 14an, asteazkena, Pio Baroja, el hombre que vino del mar liburuaren aurkezpena eginen dute 18:00etan herriko liburutegian. 

Abenduaren 16,17 eta 20an, aldiz Pio Baroja interpretazio artistikoa eginen dute, Larraitz Ugartemendiak gidatua. Ugartemendia Irungo Pio Baroja institutuko irakaslea da, eta bertan hasitako lan baten bukaera eginen dute Beran. 

Pio Baroja interpretazio artistikoa lona batean egindako sormen artistikoa da, bertan argazki muntaiak eta margoak batuko dira, eta behin bukatuta  Berandetan kokatuko da. 

Argazki muntaian bere garaiko Pio Baroja irudikatu nahi dute, duela 150 urteko Pio Baroja, alegia.  Kolorea monokromatikoa izango du, txuri-beltzekoa. Ondotik,  inprentan irudia inprimatu eta horren gainean esmalteko pinturarekin margotuko dute, gaur egungo ikuspegi artistikoa ezarriz. Garai hartako Pio Baroja eta gaur egungo artistaren ikuspegia batzea izango da artelanaren gakoa.

Abenduaren 16an, ikasle eta irakaslea ariko dira lanean, eta 17an, larunbata, herritar denei luzatu diete gonbidapena pintatzen laguntzeko.10:30ean hasi eta 13:30ak arte ariko dira horretan. 

Behin lana bukatuta, abenduaren 20an, asteartean lanaren inaugurazioa eginen dute. Performance estiloko emanaldi bat eskainiko dute musika eta hitzak uztartuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun